GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Altuna eta Martijarentzat laugarren puntua, magiaz beteriko dema irabazita

Ondoz ondoko laugarren garaipena batu zuten Altuna-Martijak, ligaxkan Elordi-Rezusta harrapatzeraino. Ikuskizun handiko dema izan zen, boladaka jokatu zena, eta azkenerako Etxeberriakoaren sendotasuna eta Amezketakoaren erremateak nagusitu ziren.

Partidaren bigarren zatian hobeto elkar ulertu dute Altunak eta Martijak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Magiaz beteriko arratsaldea izan zen atzokoa Eibarko Astelena pilotalekuan. Amezketako aztia tartean egonda espero zitekeen magia erakustaldia, baina Elordik ere lagundu zuen ikuskizunean. Oro har, kantxako lau pilotariek eskaini zuten erakustaldi aparta.

Boladaka jokatu zen partida eta dema ez zen erabakita ikusi azken txanpara arte, urdinak 17-18 aurretik jarri ziren arte, takateko batean lau tanto eginda. Halakoxea izan zen partidaren bilakaera, unean-unean bikote bat nabarmentzen zela.

13-9ko gorrien abantaila iraultzera ere iritsi ziren urdinak (13-17), baina takateko batean beste lau tanto egin zituzten gorriek, 17-14 aurreratzeko. Partidako azken etenaldi luzera, baina, urdinak joan ziren aurretik, 17-18, norgehiagokak izan zituen gorabeheren erakusgarri.

Elordiren bi gantxok abisatu zuten magiaz beteriko partida baten aurrean geundela, ondoren Altunak partida berdintzeraino. Erritmo biziko hasiera izan zen, Amezketakoaren ustetan pilotak ere egokiak zirelako erritmo altuko partidarako. «Horrelako partidarekin ikuskizuna ziurtatuta dago», adierazi zuen, Martijarekin batera txapelketako laugarren puntua eskuratu berritan, denak erreskadan.

Amezketako aztiak errekurtso guztiak erakutsi zituen hasieran: bi paretak, ezker-zeharra, gantxoa... Bost tanto jarraian egin eta gorrien abantaila ezerezean utzi zuen (2-5). Aurreko koadroetan jokatu ziren lehen tantoak. Mallabikoak gantxoan aurkitu zuen urdinak urduri jartzeko baliabidea eta, aurkariak erreplikatuz, lau tanto jarraian egin zituzten, 8-7 aurreratzeraino.

Partida erabat estutu zen, tanto bakoitza lantzera jo baitzuten lau pilotariek, atzelarien akats bila. Martijak zein Rezustak, aldiz, sekulako erakustaldia eman zuten atzean -Astelenan bildutako zaleek gogotik ospatu zituzten atzera astindutako pilotakadak-. Etxeberriko atzelariari lana pilatuta eta gantxoan errematatuta, 10-8koa egin zuen Elordik eta, Altunak txokoan utzitako batekin markagailuko aldea murriztu zuen arren, gorriak nagusi izan ziren lehen etenaldira arte (12-9).

MARTIJAREN ZIURTASUNA

Defentsatik erasora igaro ziren gorriak 12. tanto horretan, partidako luzeenean. Martijak, 10etik, sotamanoz eraman zuen pilota, baina ezin izan zuen erantzun Elordik ederki moztutakoa. Aldageletatik bueltan ere Mallabikoarena zen aginte-makila, baina atzean Rezustaren laguntza higatzen joan zen, Martija erosoago jokatzen hasi zen bitartean. «Bigarren zatian asko gozatu dut. Beñatek asko eman dio hasieran, baina bigarren zatian gustura aritu naiz; pilotarekin ere asmatu dugu», onartu zuen Etxeberriko atzelariak. Pilota bakar bat ere ez zuen galdu bizkaitarrak.

«Asko jokatu dute; guk ere dena eman behar izan dugu. Hasieran ongi sentitu naiz, gero taktikoki ez nuen asmatzen. Hasieran ez nuen asmatzen mozten eta Aitor hobeto ibili da. Garaipen latza», azaldu zuen, bestalde, Altunak.

Hamabi tanto egin zituen Amezketakoak, horietatik erdiak airez, bai eta kantxa erditik sartutako gantxoa ere (17-16). Elordi ere fin ibili zen airez (7 eginda), baina azken txanpan beheraldia izan zuen.