GARA Euskal Herriko egunkaria
ZESTA PUNTA

Arai Lejardik jantzi du zesta puntako Banakako lehen txapela

16 urteko Markinako atzelariak bi setean, 12-8 eta 12-5, irabazi zion Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrari, Berriatuan jokaturiko finaletan. Mutilei dagokienez, Aritz Erkiagak bere laugarren txapela eskuratu zuen, Erik Mendizabal 12-5 eta 12-6 menperatuta.

Arai Lejardi, iazko Winter Series txapelketan. (Jaizki FONTAENDA | FOKU)

Berriatuko Elizateko Udal Pilotalekuan zesta puntaren historiara pasatu beharreko data izan zen atzokoa, Arai Lejardi 16 urteko Markinako atzelariak lortu baitzuen Zesta Puntako Banakako Emakumeen Txapelketako aurreneko titulua. Jokalari bizkaitarra etxetik gertu eta zaleek lagunduta aritzeaz gain, nahiko erraz nagusitu zitzaion Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrari, bi setean (12-8 eta 12-5).

«Hasieran ez naiz horren eroso aritu, baina seta nire alde eramatea lortu dut eta horrek bigarren seta konfiantza handiagoz jokatzen laguntzen du. Han ere ondo hasi naiz (4-0 aurreratu zen), eta Maitek harrapatu banau ere, azkenean nire alde erori da», azaldu zuen.

Ordu erdi pasatxo nahikoa izan zuen pilotari bizkaitarrak txapela bere burura eramateko. Errebesez piloteoan nagusi izan zen aurreneko tantoetan urduri samar arituagatik, eta behin aurreneko seteko atsedenaldiaz geroztik, bere legea ezarri zuen.

«Hasieran gustura aritu naiz, baina gero tantoak gainera etorri zaizkit eta ez dut nire mailarik eman», onartu zuen aurrelari arabarrak.

Zortzi pilotarik hartu dute parte Emakumeen Zesta Puntako Banakako Txapelketa honetan, eta finalista biak bat zetozen oraindik ere moldatzea falta bazaie ere maila nahiko txukuna izan dela. «Buruz buru horren gutxi aritzeko, nahiko ongi aritu garela esango nuke, eta, gainera, zaleek bikain erantzun dute partida bakoitzean, ez finalean bakarrik», hausnartu zuen Arai Lejardi txapeldunak.

ERKIAGA, MAISUTASUNEZ

Emakumeen finala alde nabarmenez erabaki zen, beraz, eta, are handiagoz nabarmendu zen Aritz Erkiaga gizonezkoen finalean. Ispasterreko pilotariak 16 tanto amaitu zituen eta bi huts baino ez zituen egin Erik Mendizabal airean aurretik eramateko: 12-5 eta 12-6 nagusitu zen azkenean.

Ondorioz, pilotari bizkaitarrak bere laugarren txapela eskuratu zuen; jarraian lortu duen hirugarrena, hain justu. «Markagailuak dioena baino gehiago sufritu behar izan da irabazteko. Fisikoki partida gogorra izan da tantoak lantzearen alde ekin dugulako biok ere partidak aurrera egin ahala aukera handiagoak izateko», adierazi zuen Ispasterrekoak.

Laugarren txapela eskuratu arren, «aurkari asko eta onak» daudela azpimarratu zuen. «Lanean jarraitu behar da aurrean izateko. Badaude tanto baten gorabeheran kanpoan geratu diren pilotariak eta, beraz, aintzat hartu behar da aurkariak asko eta onak daudela», esan zuen txapeldunak.