Ane URKIRI ANSOLA
PILOTA

Bigarren zatian pilotarekin asmatuta, pauso handia eman dute Artola-Imazek

Artola eta Imazek laugarren puntua batu zuten atzo, Etxebarriko pilotalekuan jokaturiko partidan, Peña-Albisu mendean hartuta. Lehen etenaldi luzearen ostean, zortzi tanto jarraian eginda, markagailua irauli eta aginte-makila hartu zuten gorriek.

Artolak errematean gehiago asmatu zuen partidaren bigarren zatian.
Artolak errematean gehiago asmatu zuen partidaren bigarren zatian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hiru bikoteren arteko berdinketarekin itxi da zortzigarren jardunaldia. Binakakoa txapelketa luzea izanagatik ere emozio handikoa izan daitekeela adierazten du horrek, bai eta abiatu zenetik bi hilabete igarota gauzak zenbat alda daitezkeen ere. Lehen itzulian 22-19 gailendu diren Peña II.a eta Albisu, Artola eta Imazen aurka; atzo, bigarren itzuliko lehen jardunaldian, aldiz, porrota jaso zuten bikote berberaren aurka (22-15).

Sentsazio askoz hobeak eskaini zituzten Alegiakoak eta Oiartzungoak, batez ere bigarren zatian, zortzi tanto jarraian egin eta markagailua erabat iraulita (17-13). Ez markagailua soilik, baita egoera bera ere. Gainera, marka bada ere, urdinen pilotarekin (5 zenbakidunarekin) sentitu ziren erosoen gorriak, txapelketako laugarren puntua batu eta gora begira jarri direnak.

Aste bikaina sinatu dute, Gabon zahar egunean Peio Etxeberria-Zabaleta bikote indartsua 22-21 mendean hartuta eta atzo aurkari zuzenaren kontra bolada ona luzatuta eta balizko berdinketa batean tantoen diferentzia ere aldeko bilakatuta.

Peña II.ak dotore hasi zuen dema, baina fintasun hori ahultzen joan zen; hala onartu zuen tolosarrak berak partida bukatu ondoren ETB1eko mikrofonoen aurrean: «Hasieran hobeto sentitu naiz, gero pilotak dezente geratu dira eta ezin genuen minik egin. Beraiek probetxua atera dute, gehiago izan dira bigarren zatian».

Dena dela, hasieran ere kosta zitzaien aurkaria menderatzea, 5 tantoko partzial batekin 5-1ekoa jarri baitzuten gorriek. Beste bost tantoko takateko batekin erantzun zuten urdinek, aginte-makila hartuz (5-6), aurkari biak hara eta hona mugituz. Halere, ez zuten urrun eskapatzea lortu, tarteka Artolak txokoan gozatzen zuelako eta Albisuren hutsek ez zutelako atsedenik eman.

Bederatzi tantora berdindu eta beste hiru jarraian eginda, urdinak aurretik zirela iritsi ziren lehen etenaldi luzera, baina txapelketan aldaketak egoten diren legez, etenaldiek ere askorako ematen dute, zenbait partidatan agerian geratu den bezala.

ZORTZI TANTO TAKATEKO BATEAN

Beste bizitasun batekin itzuli ziren gorriak, ez ezer berezirik egin zutelako, baizik eta elkar hobeto ulertu zutelako, nola jokatu jakin zutelako. Hutsegiteak pilatu zitzaizkien urdinei: Albisuk pilota bat gora bidali, beste bat jausi, Peñari beste bat erori zitzaion... Ohartu orduko, 14-12ko markagailua ezarri zuten gorriek eta hauen dinamika onak bukaerarik ez zeukala zirudien.

Bost zenbakidun pilotarekin gustura, zortzi tanto erreskadan egin zituzten Artolak eta Imazek. Aurrelariak sinatu zituen gorrien 9 tanto, baina Oiartzungoaren sendotasuna giltzarri izan zuen, aurrean fintasunez errematatzeko.

«Anderrek [Imazek] ere sekulako lana egin du, bukaeran menderatu eta dena egin du, eta tartean ongi eutsi du. Jon Ander Albisu asko jotzen ari zen, dominatuta egon gara tanto askotan; gero pilota gehixeago harrapatu dudanean, aurrean gehiago asmatu dut», azaldu zuen Artolak, garaipenarekin oso pozik.

Txapelketaren balantzea oro har «ona» dela ziurtatu zuen eta, segur aski, balorazio horretan ezinbesteko garrantzia izango dute azken bi garaipenek. Era berean, onartu zuen buruan ere izan zutela Peña eta Albisu 19 tanto azpitik geratzea, tantoen diferentzia aldeko izateko sailkapenean balizko berdinketa bat gertatuz gero.

Helburua ez zuten arriskuan ikusi, lehen etenalditik bueltan urdinen tantoak gorrien akatsetatik iritsi zirelako. Jon Ander Peña eta Albisu erabat goibel agertu ziren, behin markagailuan atzetik ikusi zirenean, erreakziorako erremintarik ez zutela, erabat menderatuta zeudela onartuz.