A.G.
SURNE BILBAO BASKET

Oparirik ederrena Gabonei agur esateko

De Ridder bikain aritu zen.
De Ridder bikain aritu zen. (A. ARRIZABALAGA | ACB PHOTO)

Ezin Gabonei agur esateko opari hoberik espero Surne Bilbao Basketek. Denboraldiko zazpigarren garaipena lortu zuen atzo Bilbora Kopan aritu nahian zetorren Manresaren aurrean. Jaume Ponsarnaurenak jaun eta jabe izan ziren; lau laurdenak eraman zituzten eta aurkariari ia ez zioten arnasarik hartzen utzi, bigarren laurdeneko hasiera aldean izan ezik.

«Guztiok eman behar dugu aurrerapauso bat», esan zuen jokatu bezperan Jaume Ponsarnau entrenatzaileak, Palentzian jazotako porrotari buelta emateko. Egiari zor, bere jokalariek entrenatzaileak esandakoa fin asko bete zuten. Beldurrik gabe, zalantzarik egin gabe, defentsan sendo... aritu ziren bilbotarrak. Are gehiago, Manresari gustuko duen erritmoan jokatzea eragotzi zioten, eta hori bai dela zaila, horretan baitira artista Pedro Martinezek zuzentzen dituen taldeak: erritmo egokia aurkitzen, alegia.

Aurreneko laurdena 22-13 amaitu ostean, bigarrenaren hasieran etorri zen estuasun une bakarra, Manresak 2-10eko partziala eskuratu zuelako. Urduritasuna behin baino sarriagotan nabaritu du aurten talde bilbotarrak aurkariak atzetik aurrera etorri zaizkionean, baina atzo ondo eutsi zion une txar horri. Erasoko Thijs De Ridder eta Adan Smithen puntuez batera, defentsako lana oso eraginkorra izan zen.

Atsedenaldira 46-34 iritsi arren, ez zuen nahikoa izan Surne Bilbao Basketek. De Ridder-en bidez, 19-12ko partziala lortu zuen eta hantxe joan ziren Manresakoen ilusioak partidari buelta emateko. Ezin opari hoberik eskatu bilbotarrek.