GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Pandora eta liztor-habiak


Dotore geratzen da Pandoraren kutxaren analogia erabiltzea ausazko ekintzatxo batek ondorio kaltegarri asmagaitzak abian jar ditzakeela iradoki nahi denean. Batez ere, haien inguruan beldurra erein nahi bada. Zuhurtziaz mozorrotutako kontserbadurismoa izan ohi baita askotan.

Beste batzuetan, iragartzen nahiko errazak diren ondorioak dituen ekintza ganoragabe samarrak irudikatzeko baliatzen da; herri-jakituriak, halakoetarako, askoz metafora doiagoa badu, ordea: liztor-habiari ostikada eman. Emaitza ezaguna da, haren intentsitatea eta kalteak aldagarriak izango badira ere.

Horrelako zerbait gertatzen ari da urte berriarekin Somalilandiak eta Etiopiak sinatu duten aurreakordio apal bezain, antza denez, arriskutsuarekin. Osorik argitaratu ez bada ere, haren edukiaren enborra izango litzateke de facto independentea den baina de iure nazioartean inork aintzat hartu ez duen estatua edo dena delakoa den Somalilandiak hogei bat kilometro utziko dizkiola itsasozko sarbiderik ez duen Etiopiari 50 urterako Berbera portuaren inguruko kostaldean. Horren ordaina Somalilandiaren aintzatespen diplomatikoa edo antzeko zerbait izango litzateke. Eta estanpa-truke bat.

Lehen hausnarketa batean berritasun handirik ez lukeen horrek -bere «salgai» nagusia, kokapen estrategikoa, saltzen arituko litzateke Somalilandia, lehendik ere Emirerriei salduak zizkienak Etiopiari eskainiz orain, azkenaldian dezente aldatu den testuinguru batean- hautsak harrotu ditu nazioartean. Eta segituan etorri da hizpidera Pandoraren kutxa. Baina Pandoraren kutxa aspaldi -aurten 50 urte, gutxienez- ireki zen Afrikako Adarrean. Harrezkeroztik biderkatu diren liztor-habiekin ostikoka aritzea gustatzen zaion bat agertu da orain: Abiy Ahmed. Lehen ostikadarekin, Bakearen Nobel saria suertatu zitzaion. Bigarrenarekin, gerra bat Tigrayn. Hirugarrenarekin, ikusiko dugu.

Oraingoz, Somalia -ulertzekoa- eta Egipto kartsu atera dira tratuaren aurka. Baina agertuko dira liztor gehiago.