GARA
FUTBOLA

Beckenbauer «Kaiserra» zendu da, zelaiko libero posizioa asmatu zuen izarra

Etxekoen babesean hil zen igandean, 78 zituela, Alemaniako selekzioko eta Bayernen historiako jokalari garrantzitsuena eta entrenatzailea izandakoa.

Franz Beckenbauer, Alemaniako kapitain zela, Munduko txapeldunen kopa eskuetan duela.
Franz Beckenbauer, Alemaniako kapitain zela, Munduko txapeldunen kopa eskuetan duela. (AFP)

Alemaniako futbolak bere izarrik distiratsuena galdu du atzo hil zen Franz Beckenbauerren heriotzarekin. «Samin handiarekin, esan behar dugu gure aita eta nire senarra atzo, igandea, hil zela, lasai eta bere familiaz inguraturik. Dolua bakean eraman nahiko genuke eta edozein galdera ekiditea eskatuko genizueke. Ohar motz honen bidez eman zuen bere familiak 78 urteko futbolari ohiaren heriotzaren berri. Azken urteak bizitza publikotik apartatuta eman ditu, osasun arazoek eta Alemania 2006ko Munduko Txapelketako egoitza izan zedin egindako lanen inguruan izandako ustezko irregulartasunek sortutako iskanbilek eraginda.

Hain zuzen, txapelketa horrek eman zion itzal berezia Municheko Giesing auzoan jaiotako izarrari. Jokalari gisa 1974an munduko txapeldun izan zen eta 16 urte geroago entrenatzaile gisa errepikatu zuen lorpena. Aurretik jokalari zela hiru Europako Kopa lortu zituen jarraian, 1973, 1974 eta 1975ekoak, baita Eurokopa bat ere, Alemaniako selekzioarekin. Europako Errekopak, lau Bundesligak eta beste lau Alemaniako Kopak osatzen dute bere palmaresa taldeka eta bi urrezko baloi ere eskuratu zituen, atzelari batek lortu zuen lehena 1972an.

“Kaiser” -enperadorea- ezizena zuena erdilari eta atzelari lanetan aritu zen, bere dohainetara primeran egokitzen zen libero posizioa asmatu zuen arte. Ordura arte ez zen postu hori ezagutzen eta indar handia hartu zuen, nahiz gaur egun oso gutxi diren halakorik erabiltzen duten taldeak.

AURKIA ETA IFRENTZUA

Jokalari zenean dena irabazi zuen eta gaur egun Municheko Bayern den talde erraldoia nekez uler liteke Beckenbauer gabe, dirua sortzeko makina bat bihurtu baitzen, baina diru hori zuritu omen zuela-eta hamaika salaketa ere jaso zituen, hasiera batean jokalari zela, baina bereziki bulego lanetara igaro zenean.