GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Arreta


Medikuetako itxarongelan; opor garaian, agian, jende gutxiago izango den esperantzarekin gerturatu gara, baina atez barrura jendea falta da eta bosten lana bi egiten ari dira. Luzerako izango dugu, antza, eta berokia kendu eta aulki gogorrean ahalik erosoen jarri gara. Ernegua aurpegi bakan batzuetan, handik kanpora begirada eta burua jarrita daude, ordea, gehienak. Itxaroteak eta mugikorrak bat egin dute. Esertzerako atera dute gailua poltsatik ondoren etorritakoek, nahiz eta itxarongelako paretan eta handiz mugikorra itzaltzeko eskatzen duen oharra egon. Ezinezkoa zaigu. Bata, itxarongelan dagoen panorama kontatzen ari zaio senitarteko edo lagun bati ahots bidezko mezuan; ama-alabak errezetei begira ari dira, menuan berritasunen bat sartzeko intentzioarekin; ondokoa itxaronaldiak baino gehiago ernegatu du, antza, jaso duen mezuak. Jada inork ez zaitu begiratzen medikuaren kontsultan, ez zaitu lasaitu edo laguntzen, eta une batzuetan lasaigarria ere bada, sentitu izan dudalako inoiz ageriko ezer atzeman ez eta gertatzen zaizun hori begietan irakurtzen saiatzen denaren begirada zelataria. Aspaldi zen hori.

Zain gaudenean bakarrik ez, mugikorrari begiratzeko tentazioari ezin diogu eutsi telebista ikusten ari garenean ere. Hala ondorioztatu dute hainbat ikerketek. Herritarren erdiak baino gehiagok aldi berean beste eduki batzuk kontsumitzen ditu, mezularitza zerbitzuak erabiltzen ditu edota sare sozialak begiratu eta elikatzen ditu. Are gehiago, gustuko dugun telesailari begira gaudenean ere, behin eta berriz begiratzen omen diogu mugikorrari, eragozterik ez dugun keinu gisara.

Arreta ondasun bilakatuta, hura lortzeko egin beharreko ahalegina gero eta handiagoa da. Eta lortutakoan ere, bistan denez, ez da erabatekoa. Pentsatu, sortu eta edukiak zabaltzen dituztenentzat etsigarria izanik ere, pantailetatik begirada altxatu eta ondora begiratzeko tartea ez hartzeak gehiago arduratzen nau, izan itxarongela, autobusa edota lagunartea, urrunekoa gertu eta gertukoa urrun gera ez dadin.