GARA Euskal Herriko egunkaria

Lakuak larrialdi plana aktibatu du, pelletak kostaldera iritsi aurretik harrapatzeko

Lakuako Gobernuak kostaldera iritsi baino lehen harrapatu nahi ditu pelletak. Arantxa Tapia sailburuak adierazi zuenez, atzo larrialdi plan bat aktibatu zuten, itsaso zabalean jasotzeko.

Galiziako hondartza batean, boluntario bat pelletak biltzen. (Elena FERNANDEZ | EUROPA PRESS)

Lakuako Gobernuak ez du espero aste honetan plastikozko pelleten marearen hondakinak euskal kostaldean ikusterik, baina itsasoko larrialdi plan bat aktibatu zuen atzo, eta itsas zabalean biltzen saiatuko da, itsasertzera iristen den kopurua txikiagotzeko. Jada Galiziatik zabaldu da Asturiasera eta Kantabriara.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak iragarri zuenez, Gobernu Kontseiluak “Itsasertza” larrialdi plan berezia aktibatu du, itsasertzaren kutsadurari aurre egiteko. Haren ustez, isurketa horrek ingurumenean duen eragina «garrantzitsua bada ere, ezin da inolaz ere alderatu Prestige-rekin gertatu zenarekin», orduan, Kantauri isurialdeko kostalde osoan eragin zuen txapapote marearekin.

ERAGINA ELIKADURAN

Hala ere, arrainak eta hegaztiak janariarekin nahasteko arriskua dago; beteak sentitzen direnez, janari gehiago ez bilatzeko eta gosez hiltzeko. Pelletak elikatze katean sartzeko arriskua ere badago, plastiko hori jan duten arrainak gizakiek jandakoan. Plastiko horrek toxikotasun «nulua edo minimoa» duela azaldu zuen, lehen datuak kontuan hartuz.

Lakuako Gobernua pellet gehienak itsaso zabalean kentzen ahaleginduko da. Horretarako teknologia badagoela baina lan zaila dela aitortu zuen Tapiak; izan ere, dentsitate gutxiko eta mugikortasun handiko materiala da, haizearen eta itsasaldien ondorioz; eta, gainera, «erdi gardena izan daiteke». Horregatik, «segur aski zati bat kostaldera iritsiko da». Hori gertatutakoan, «garbiketa mekanismo guztiak» aktibatuko direla aurreratu du sailburuak.

Arratsean EiTBk zabaldu zuenez, AZTI zentro teknologikoa ikertzen ari da Muskizko Arena hondartzan atzo agertu ziren plastikozko bolatxoak azken isurketatik datozen.