GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Begi-bistako argudioak sarraskia eteteko


Hegoafrikak Israelen aurkako salaketaren argudioak aurkeztu eta palestinarrak estatu horren «jokabide genozidatik» babesteko kautelazko neurriak hartzeko eskatu zuen atzo Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegian. Gazako palestinarren aurka «jokabide genozida kalkulatua» egotzi zion Israeli Hegoafrikako Auzitegi Goreneko epaile Adila Hassimek, salaketaren atariko bistaren lehen egunean. Gaur, Israelek kontrako argudioak aurkezteko aukera izango du.

Hegoafrikaren argudioak begi-bistako gertaerak dira. Hala, Hassimek «ekintza genozida» diren krimen gisa zerrendatu zituen «hilketa masiboak», Gazako herritarren «behartutako desplazamendua», «eraso militarrak eragindako kalte fisiko eta mental larria» eta «Israelek Gazako osasun-arreta sistemari egindako eraso militarra, bizitza jasanezin bihurtzen duena». Nabarmena da, era berean, ondoren Hegoafrikako Justizia ministro Ronald Lamolak esan zuena, auzitegi batean entzuten ohituta ez gauden arren: palestinarren aurkako indarkeria ez zela 2023ko urriaren 7an hasi. «Palestinarrek 76 urtez jasan dituzte Israelen indarkeria eta errepresio sistematikoak». Agerikoak dira, halaber, eta inolako ikerketaren beharrik gabe, Israelgo presidenteak, hainbat ministrok, jeneralek eta soldaduk egindako adierazpenak, hala nola gazatarrak animaliekin konparatu zituztenekoa edo denak terroristak direnez sarraskitu egin behar dituztela esan zutenekoa.

Gaur, erantzuteko aukera izango du Israelek, baina auziak luze joko du, antza. Nazioarteko Justizia Auzitegiak zehaztu beharko du Israel Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioa urratzen ari den; hori ez da izango atzoko eta gaurko saioen arretagunea, ordea; horregatik, ezinbestekoak dira Hegoafrikak eskatutako kautelazko neurriak, besteak beste, Gazako operazio militarrak eteteko. Hegoafrikaren eskaeraren aldeko ebazpen batek ez luke bat-batean amaituko Israelen egitasmo sionista, baina gutxienez AEBen baldintzarik gabeko sostengua eragotzi, nazioarteko zigorrak ezartzeko aukera zabaldu, Israelen inpunitatea kolokan jarri eta irtenbide negoziatu bat bultzatuko luke.