GARA Euskal Herriko egunkaria
KOPA

Txapelketak, agertokiak eta bolada onak bat eginda, ilusioa handituko dute

Athleticek eta Madrilek Kopako final-zortzirenetako norgehiagoka jokatuko dute igandean San Mamesen. Une goxoa bizitzen ari dira zuri-gorriak.

Ane Azkona, kazetariekin hizketan, atzo San Mamesen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Plan bikoitz eta paregabea eskainiko du San Mamesek asteburuan. Larunbatean Athletic-Real gizonezkoen derbia hartuko du eta igandean emakumezkoen txanda helduko da, Athleticek eta Madrilek jokatuko duten Kopako final-zortzirenetako partidarekin.

Txapelketa eta agertokia aski izango ez balira, taldearen bolada ona -emaitzei zein jokoari dagokionez- gehitu zaie, ilusioa handitzeko. Hala onartu zuten zuri-gorriek, atzo San Mamesen komunikabideekin egindako topaketan.

«Sekulako ilusioarekin gaude -esan zuen Ane Elexpuruk-. San Mamesen ez dugu egunero jokatzen, ez eta Kopako kanporaketa bat ere. Biak elkartzea zoragarria da». Are gehiago, hitzorduak taldea goranzko bidean harrapatzen duela kontuan hartuta. «Gero eta erosoago sentitzen gara, jokoa hobeto ulertzen dugu eta hobeto jartzen dugu praktikan. Asko daukagu hobetzeko oraindik, baina astero ikusten da gehiagora goazela. Eta, gainera, San Mameseko babesa izango dugu oraingoan».

«Staff berria etorri zen eta hasieran kostatu zitzaigun, baina uste dut jada aurkitu dugula puntu hori non jokalariok ondo sentitzen garen -esan zuen Ane Azkonak-; emaitzetan islatzen ari da azken bolada honetan». Aurkaria ez da makala eta Ligan hiru puntuak eskuratu zituen Lezamak, baina aurrelariaren hau zehaztu du: «Detaile txikiek pisu handia izan zuten. Orain Kopa da, San Mamesen gure jendeak babestuta... Oso partida ona egitea espero dugu, detaile txiki horiek gure alde jartzea oraingoan eta garaipena lortzea aurrera jarraitzeko, ilusio handia pizten baitigu txapelketa honek».

«Emozioa eta motibazioa pizten du San Mamesen jokatzeak -gehitu zuen Mariasun Quiñonesek-. Ziur nago partida polita izango dela, sekulako ilusioa daukagulako, eta irabazteko, erabakigarria izango da baloiaz jabetzea eta, batez ere, gugan konfiantza izatea eta lasai jokatzea».