GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

«Vortex» polarra


Azken urteetan, negua gerturatzearekin batera, klimatologo eta meteorologoon artean bolo-bolo ibiltzen den hitza da vortex polarra. Goi latitudeetan eta altuera oso handietan (hamar kilometrotik gora) borraskek osatzen duten gerriko moduko bat da. Gerriko hau aire hotza bertan estatiko mantentzeko egiten dute. Hotza gehienbat intsolazio faltagatik eratzen da.

Batzuetan, baina, presio altuko guneek muturra sartzen dute borraska hauen artean, eta behe-geruzetatik goi-geruzetan aire beroa txertatuz gerriko hori ahultzen dute. Gerriko hori ahultzeak aire hotz hori latitude baxuagoetara sakabanatzea ekar dezake eta ondorioz bertan neguko denborale handiagoak izatea erraztu.

Aire bero hori goi-geruzetan txertatzeari bat-bateko berotze estratosferikoa deritzo (gaztelaniazko «calentamiento súbito estratosférico»). Fenomeno honek duen koska da ez duela erabat ziurtatzen gure parean hotzaldi handirik izango denik. Pieza konkretu batzuk mahai gainean kokatzen ditu, baina puzzlea osatzeko, pieza horiek bat etorri behar dute eta hori ez da erraza.

Fenomeno «berria» da adituontzat ere, baina mapak aztertuta, aurten zerbait polita izango dugulakoan nago. Elur zaleon izenean ari naiz, noski.