XOLE ARAMENDI
USURBIL

Euskal Herriko historiak nahi dugun istorioak gorde ditzan

Arte eszenikoetan erabilia den baina orain arte gurean agertoki gainean gutxitan ikusi dugun formatua dakar Metrokoadroka kolektiboak bere lan berrian. Joan Mari Torrealdai Ikerketa Bekari esker ondu dute “Artxibo biluzia”. Ikusleek galdera bati erantzun beharko diote pieza eszenikoaren amaieran: “Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?”.

Intza Alkain eta Javi Barandiaran, «Artxibo biluzia» pieza eszenikoan.
Intza Alkain eta Javi Barandiaran, «Artxibo biluzia» pieza eszenikoan. (Amets BADIOLA RUBIO | FOKU)

Hiru pieza eszeniko sortzea otu zitzaien hasieran Metrokoadroka kolektiboko kideei. Baina bideak beste norabide batetik eraman ditu. «Ikerketa beka izanda, eskatzen zuen adarkatzea eta gauzak deskubritzea. Hiru pieza ez, bakarra da azkenean, baina ideia ezberdinei leku egin diegu. Eraldatu da, baina hasierako asmoekin fidel», azaldu du Oier Guillanek.

Berak hartu du zuzendaritza eszenikoaren ardura, Marina Suarez Ortiz de Zaraterekin batera. Idoia Beratarbide da zuzendari artistikoa. Eta Intza Alkain eta Javi Barandiaran ari dira aktore lanetan.

Hainbat egonaldi egin dituzte pieza sortzeko prozesuan. «Azalan (Lasierra), Kanpain (Bilbo), Ehuntzen (Oiartzun), eta Usurbilen bertan aritu gara lanean. Publikoarekin probak egin ditugu Gasteizko La Monstrenka aretoan eta Laudioko Faktorian. Beste era bateko espazioak bisitatzen saiatu gara sorkuntza prozesuan. Horrela joaten da pieza sortzen», dio.

HIRU ARDATZ

Hiru hanka ditu Usurbilgo Udalak emandako bekari esker ondutako proiektuak. Pieza eszenikoari laborategi-tailerra eta argitalpena gehitu zaizkio. «Tailerra irekia da, literatura idazketa eta performancea lotu dizkiogu publikoarengana errazago heltzeko, irisgarriagoa izan dadin. Ez dadin beharrezkoa izan esperientzia izatea arte eszenikoetan tailerrean parte hartzeko», azaldu du Guillanek.

Oraingoz, Gasteizko Baratza aretoan egin dute. «Oso ondo joan zen. Hori ere zer den deskubritzen joan gara. Pieza sortzen dugun heinean lantzen genituen ariketa berriak eta pixkanaka txertatzen joan gara», jarraitu du.

Gaur egun, osoz tailerrean parte hartzeko aukera izango da Usurbilen. Horrez gain, hasieran ez zen aurreikusten, baina argitalpen bat kaleratuko dute. «Prozesuaren momentu batean elkartu ginen bekaren arduradunekin eta ikusi genuen pieza eszenikoaz eta tailerraz gain material asko ari ginela sortzen, oso interesgarria. Pieza sortzeko orduan hainbat kolaborazio bilatu ditugu hainbat artistenak, eta ikusi genuen forma ezberdinak har zitzakeela. Honetatik guztitik dokumentu berria sortzearen ideia indarra hartzen hasi zen eta, sustatzaileen konplizitatearekin, erabaki genuen argitalpen bat egitea. Ez da ohikoa izango. Martxorako aterako da, ideia da liburu-objektua izatea, piezan eta tailerrean planteatzen diren ideiekin bat eginez. Dokumentazioak, objektu fisiko bezala, nola eragiten duen gure bizitzetan, eta gure gorputzengan. Ideia da objektu berria sortzea, kolaboratzaileekin elkarlanean, prozesuan sortzen denarekin lotuta».

«Hiru ardatz horiek indarra hartzen joan dira, esan nezake laugarren eta bosgarren formatua ere atera litekeela sortu dugun guztitik, urte eta piko oso intentsoa izan da, lan asko egin dugu. Momentuz hiru ildo hauei helduko diegu, eta aurrerago, ikusiko dugu», esan du.

KONFERENTZIA PERFORMATIBOA

Ez da ohiko antzezlana. Konferentzia performatiboaren formatuaren aldeko apustua egin dute. «Oso ohikoa da genero hau arlo eszenikoan, baina agian euskaraz ez dugu askotan ikusi izan. Ez dugu ezer asmatu. Bagenuen gogoa horrekin esperimentatzeko», kontatu du.

Hezkuntza eta bitartekaritza arloan erabilia da. Esperimentazioari egiten dio bide eta dagoeneko kodetuta dauden formatuetatik haratago joan nahi du, hala nola instalazioa, performancea edo happening-a.

«Formatu aldetik esango nuke nahiko ausarta dela. Ez da antzezlan narratibo klasikoa. Ez dago istorio bat. Antzezlana beste zerbait bihurtzen hasten da. Diskurtsotik leku onirikoetara urruntzen da momentu batzuetan. Betiere diskurtsora bueltatzeko».

“Euskaldunon Egunkaria”-ren auzian Joan Mari Torrealdai atxilotu zuteneko unea du abiapuntu pieza eszenikoak. «Baina ez da berari buruzko lan autobiografikoa», argitu du zuzendariak.

METAFORA

Proiektuari izena ematen dion karpeta hutsa idazle eta soziologoaren biluztasun haren metafora da. «‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zutenean eta bere atxiloketa etorri zenean, berak hainbat aldiz kontatu zuen nola dokumentuen hustuketan, sarraskian, bai ‘Egunkaria’ri lotutako dokumentuak bai dokumentu intimoak, guztiak eraman zituzten, eta horrek nolabait biluzik sentiarazi zuela, ez fisikoki, baina bai intelektualki. Ideia horrek harrapatu egin gintuen, eta hortik hasi ginen ‘Artxibo biluzia’ proiektua egiten», esan du.

Galdera egiteko pizgarria izan zen Torrealdairen testigantza. Planteamendua honakoa izan zen: dokumentu sarraski hartan hutsik geratu den karpeta zerekin beteko genuke? Hasieran karpetara gai asko eramatea pentsatu genuen, pieza labur ugariren bidez. Baina motz geratzen ginen beti, hainbeste gauza daude kontatzeko… Bide hori hartu du pieza eszenikoak. Indar handiagoa eman zaio karpeta hutsaren ideiari. Galdera luzatzen zaio publikoari: ze istorio nahi zenuke zuk historiara pasatzea? Halako ariketa kolektiboa egiten dugu ikusleekin. Publikoari eskatzen zaio karpeta huts figuratua betetzea. Emanaldiz emanaldi karpeta osatuz doa», adierazi du Guillanek.

HUNKIGARRIA

Publikoaren aurrean defendatu dute dagoeneko proiektua. «Hiru emanaldi egin ditugu. Oso hunkigarria da ikusleak aukeratu duen istorioa idatzi eta karpetan sartzea. Oraindik ez dugu erabaki zer egin nahi dugun material horrekin, baina humanoki oso polita da, inpaktua eragiten du. Eta ikusten dugu publikoarengan zeozer mugitzen dela».

PROBOKAZIOAK

Konferentzia izanik, «hitzak presentzia handia dauka eta ideiak planteatzen zaizkio publikoari, baina, era berean, badago lekurik beste era bateko irudi eta probokazioetarako -dio-. Aktoreak fisikoki nahasten dira egiten ari diren horretan».

«Orokorrean nahiko ariketa enpatikoa da eta, nahiz esperimentala izan formatu aldetik publiko orokorrarentzat, azkenean, publikoari planteatzen zaion galdera oso argi geratzen da hasieratik. Eta momentu batean publikoak aukera dauka galdera hori erantzuteko. Galdera hori emanaldian beste guztiaren gainetik geratzen da», nabarmendu du.

Bi aktoreek ikuslea leku jakin batean jartzen dute. «Momentu batzuk diskurtsiboak dira, besteak emozionalagoak, onirikoagoak.. piezaren bidez galdera horretarantz doa publikoa. Piezak zubi-lana egiten du galderaren eta jendearen artean», esan du.

Torrealdai bezalako dokumentatzaileek egiten dutena ez da dokumentazio lan hutsa, gure buruari istorioak kontatzea da, nortzuk garen kontatzea, eta etorkizunari kontatzea ere bai, Guillanen esanetan. «Akzioa da dokumentazio lana guretzat. Hori ere bilatzen dugu. Ez genion guk erantzun nahi galdera horri. Izan ere, denok dugu jendarte honetan kontatzeko gauza asko. Eta kontatzeko beharra eta gogoa. Zerrenda luze bat egitea da gure asmoa, eta ez dakit sarean ala paperean argitaratuko dugun, erakusketa bat egingo dugun…».

Lan kolektiboa izan da. «Kide batzuk pieza eszenikoaren gainean egon gara, besteak tailerrarekin, besteak argitalpenarekin… Hamabost pertsona gara sorkuntzan. Idoia Beratarbide piezan baino gehiago tailerrean eta argitalpenean ibili da, zuzendaritza artistikoan. Hiru kolaboratzaile izan ditugu argitalpenean egongo direnak eta piezan ere eragin dutenak: Nagore Legarreta argazkilaria, Danele Sarriugarte idazlea eta Maria Elorza zinema zuzendaria. Elkarreragin konstantea izan da, sortzeko oso modu ederra da», adierazi du.