GARA Euskal Herriko egunkaria
MARKINA-XEMEIN

Liderrek estutu latza eraman zuten Unibertsitatean


Azken orduko istripu latzen bat izan ezean, Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena izango dira finalerdietara zuzenean sailkatutako diren bi bikoteetako bat, atzo Markinan euren zortzigarren puntua eskuratuta. Hori bai, lehen itzuliko bigarren jardunaldian bezala, estutu latz bat eraman zuten, Peña eta Albisuren ordez aritu zen Eskiroz markagailuan 5-12 aurreratu zirenean. Ataundarren ordez aritu zen atzelari nafarra ondo defendatu zen alde handiak ezartzen ari den Berriozarko jotzailearen aurrean, baina azkenerako amore ematen amaitu zuen.

Nolanahi ere, partidaren lehen erdian protagonista nagusia Jon Ander Peña izan zen, erasoan oldarkor eta eraginkor, Jaka-Mariezkurrena kantxan deseroso sentiaraziz eta opari gehitxo egitera behartuz. Baina demaren lehen atsedenaldi luzearen ondoren, liderrak urak bere onera ekartzeko gai izan ziren. Partida luzatzen joan zen heinean, Jon Mariezkurrena atzean agintzen hasi zen, zuloak ireki eta alerik galdu gabe; eta Erik Jakak ederki atera zion etekina horri, ezker gantxoz tanto sorta on bat lortuz.

Azkar, Peña eta Ezkabarte-Makirriangoaren gusturako azkarregi, lortu zuten partida hamaseina berdintzea, eta hortik aurrera gehiago izan ziren, orain arte ia bikote guztiekin egin duten bezala: atzetik zuloak ireki eta Jaka aurrean eraginkortasun handiarekin aurreko koadroetan.

Bost jardunaldiren faltan, hiru puntuko aldea kudeatu beharrak eginkizun erraza dirudi orain arte halako nagusitasuna erakutsi duen bikote batentzat, eta hurrengo jardunaldia erabat erabakigarria izan daiteke borroka horretan, oraintxe sailkapenean hirugarren diren Artola-Imazen aurka jokatuko baitute larunbatean Labriten.

Albisu osatuko ote den zalantzarekin, ortzi-muga asko ilundu zaie Peña eta ataundarrari, azken lau partidak galduta. Hurrengoa, Laso-Arangurenen aurka Durangon, hil edo bizikoa izango da.