Kepa KORTA
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Bi anai, bi bertsio

Badira bertsioak eta bertsioak. Bertsio ofizialak eta egia diotenak. Jatorrizko bertsioak eta besteak. Xabier Leteren “Izarren hautsa”-ri Mikel Laboak egin zion lehen bertsioa. Ruper Ordorikak, Ken Zazpik, Erramun Martikorenak, Mikel Urdangarinek eta beste batzuek ere egin zizkioten bereak. Kantuari zaion estimuaren seinale argia izaten dira bertsioen kopurua eta bertsiogileen prestigioa.

Jatorrizko bertsioa ez da beti onena. Batzuen ustez, Leonard Cohenen “Hallelujah” oso ona izanik ere, hobeak dira K. D. Lang, Jeff Buckley, Rufus Wainwright eta Pentatonixena, adibidez. Zaila da esaten zein den onena. Zalantzak izan ditzake jatorrizkoaren egileak berak. Xabier Letek “Izarren hautsa”-ren bertsio berria egin zuen. Beethovenek ere zalantzak izan zituen 9. Sinfonian sartu zuen “Alaitasunaren oda”-rekin. Badakizue, gerora Europako Batasunaren ereserki egingo zuten horrekin, edo, nahiago baduzue, Miguel Riosek rock bertsio okaztagarrian espainiartu zuenarekin −euskarazko Wikipediak 9.ari eskaintzen dizkion zazpi lerroetako bat gordetzen dio Riosen bertsio «ospetsu» (sic) horri−.

Friedrich Schillerrek hitzen bi bertsio idatzi zituen: 1785ean bat, eta 1803an bestea, jatorrizkoaren kutsu iraultzailea pittin bat epeltzeko. Beethovenek azkena egokitu zuen, era nahiko librean, 9.a ondu zuenean. Estreinatu eta gero, buruan ibili omen zuen oda ezabatu eta mugimendu erabat instrumentala osatzea. Eskatzen dituen orkestra eta abesbatzen tamainek eragindako arazo logistikoak zirela-eta, askotan interpretatu omen zen odarik gabe. Beethovenek ezabatu balu, Europak beste ereserki bat beharko zukeen, eta Riosek ez zukeen krimen musikal hori egingo.

Bernardo Atxagaren “Bi anai”-k bi bertsio izan omen zituen 1985ean argitaratu aurretik, eta hirugarrena plazaratu berri da, Beethovenek 9.arentzat pentsatu bezala, amaiera aldatuta. Pentsatzen hasita, Atxagak Beethovenen piura dauka. Moztaka eta buru iletsua, Vienako kaleetan deslai ibiliko litzateke, ibilia ez bada. Aldaketak aldaketa, bi anaiek «a» itsatsia galduta segitzen dute. Zorionez.