GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Etsai arkitektura


EH Bildu Iruñeko alkatetzara iritsi eta egun gutxira aterpeei buruz eman ziren datuen ildotik, hiri-arkitekturari buruzko zenbait artikulu berrirakurri ditut. Ikuspegi feministatik idatzitako testuotan, «etsai arkitektura» deritzona aztertzen dute ikerlariek. Kontzeptua ezezaguna izan arren, arkitektura mota hau gero eta presenteago dago ingurunean. Hesiak, horma itxiko aterpeak edo etzanda egotea galarazten duten bankuak dira ezaugarrietako batzuk eta gizatasunik gabeko hiriak eraikitzea dute helburu.

Etxerik gabekoek sikiera lo egiteko leku bat izan dezaten hartutako erabaki azkarrak begi bistan utzi du jendearen bizitzak hobetze alderako politikak bideragarriak direla. Baina politikagintza egiteko eredu oso ezberdinak daude eta sakoneko kontuetan baino, bestelakoekin asaldatzen dira batzuk. UPNk gogor salatu du Asironen gobernuak udaletxeko banderak lekuz aldatu zituela. Jakin dugunez, Ibarrolarren gobernuak berak enkargatutako balkoiaren txukuntze lanak egin ahal izateko neurria izan da. Berriz ere argi geratu da batzuentzat garrantzi handiagoa dutela banderek, kalean lo egiten dutenek hotzari aurre egin ahal izateko oihalek baino. Eta haiek galdu dituzten instituzioetan bizitzak hobetzeko egin daitezkeen politikekin eraikitzen dela eurentzat etsai arkitektura.