GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIA

Iñaki Aldaya zendu da, Dhaulagirin historia egin zuena


Azken urteotan osasunez pattal zebilen Iñaki Aldaya eta asteartean zendu zen 73 urterekin. Euskal Herriko mendizaletasunean, batez ere, 70eko eta 80ko hamarraldietan, alpinista iruindarra lehen lerroan ikusi genuen, mendi apal zein garaietan.

Aldayak lotura berezia zuen Dhaulagiri mendiarekin (8.167 m). 1.979. urtean historia egin zuen. Xabier Garaioarekin eta Gerardo Plazarekin zapaldu zuen tontorra maiatzaren 12an. Era horretan, lehen euskal zortzimilakoa sinatu zen. Espedizio horretan Jordi Pons katalanak eta Ang Rita Xerpak ere gailurra lortu zuten.

Aldayak Dhaulagirin arrakasta izateko, ibilbide sendoa egin behar izan zuen. Garaieran, adibidez, hiru urte lehenago Shakaur mendian (7.116 m, Hindu Kush) eginiko espedizioan parte hartu zuen, baita 1981. urteko Jannukoan (7.710 m, Himalaia) ere. Bi gailur horiek euskal mendizaletasunarentzat oso garrantzitsuak izan ziren. Eta mendi garaietan, 1986. urtean Yukshin Gardan Sar mendian (7.350 m, Karakorum) sinatutako lorpena ere aipatu behar da.

Alabaina, sendotasun hori mendi txikiagoetan ere erakutsi zuen. Pirinioetan, adibidez, Aspe mendiaren hego-ekialdeko isurialdean dagoen “Gran Diedro” bidearen lehen igoera egin zuen. 1.983. urtea zen.

Alpeetan, berriz, 1982. urtean, J. Muru, J. M. Donazar eta J. M. Casimiorekin batera, Aldayak Peutereyko Integrala eskalatu zuen, eta urtebete beranduago, Martin Zabaletarekin, Eigerren iparraldeko horma gainditu zuen. Hori egiten lehen euskal alpinistak izan ziren.