GARA
KOPA

Partida bakarreko 24 kanporaketa jarraian gainditu ditu Athleticek

Deportivo Alaves kanporatu ostean, azken bi hamarkadetan ez du hutsik egin Kopako kanporaketa hauetan. Kanporatu zuten azken aldia 2003an izan zen, eta Torrelavegako Gimnasticaren aurka 2-1 galdu zuen, Valverde entrenatzailearen lehen urtean.

Asier Villalibre aurtengo Kopako protagonista nagusia izaten ari da.
Asier Villalibre aurtengo Kopako protagonista nagusia izaten ari da. (Aritz LOIOLA | FOKU)

K.O.-aren txapelketa bezala ezagutu izan da Kopa, tarteka izaten diren ezustekoengatik. Baina Athleticek sekulako erregulartasuna lortu du txapelketa honetan, asteartean San Mamesen Alaves 2-0 garaitu ostean, 24 baitira azken bi hamarkadetan partida bakarrera jokatu eta gainditutako kanporaketak.

Athleticek Kopan partida bakarrera galdu zuen azken aldia duela 20 urte izan zen. 2003ko urriaren 7an, Kantabriako El Malecón zelaian, talde zuri-gorriak 2-1 galdu zuen Gimnastica Torrelavegaren aurka, Ernesto Valverdek maila goreneko aulkietan debuta egin zuen denboraldian.

Harrezkero talde bilbotarra ez da hil ala biziko kanporaketa hauetan erori bi hamarkada hauetan, eta seigarren mailako aurkari bat, laugarren mailako zazpi, hirugarren mailako sei, bigarren mailako hiru eta lehen mailako zazpi aurkari, Bartzelona -bi bider- Real Madril, Betis, Espanyol, Valentzia eta, astearte honetan, Alaves kanporatu ditu.

Kanporaketa horietatik guztietatik bost San Mamesen jokatu zituen -Barça, Real Madril, Espanyol eta Alaves-, bitan luzapenean sailkatu zen (Cultural Leonesa eta Bartzelona), eta beste hirutan (Elx, Tenerife eta Betis) penaltietan.

2020TIK FINALERDIETAN

Txapelaren bueltan ere aspaldi ez dela ibilitakoak dira zuri-gorriak; 2021ean, esaterako, bi final galdu zituzten, 2020an Realaren aurka covidarengatik atzeratutakoa eta urte horretako Bartzelonaren aurkakoa, baina azken pauso hori eman ezinik dabiltza. Ezina ekinez egiten omen da, eta horretan Athleticek ez du parekorik, 2020tik ez baitu hutsik egin finalerdietara. Iaz azken aurreko koska horretan geratu ziren Ernesto Valverderenak, Osasunaren aurka, baina partida bikoitzeko kanporaketa batean. Momentuz, aurten final zortzirenetaraino heldu dira, eta inork parean nahi ez duen taldeetako bat izango da Athletic ostiraleko zozketan.

Emaitzez harago, Kopa zorion iturri izaten ari da Ligan horrenbeste minuturik ez duten futbolarientzat, eta Asier Villalibre eta Julen Agirrezabala izaten ari dira, orain arte behintzat, txapelketa honetako protagonista nagusiak. Gernikako aurrelariak zuri-gorrien zortzi goletatik sei sartu ditu Kopako hiru partidatan eta atezain gipuzkoarraren geldiketak ere erabakigarriak izaten ari dira, Alavesen aurka adibidez.

«Asko gustatzen zait golak egiten dituzten jokalariak ateratzea. Asier une onean dago, oso ondo, eta guretzat funtsezkoa da sortzen duzun jokoa gol bihurtzen duten jokalariak izatea. Oso borrokalaria ere izan da, eta hori eskatzen diot. Ona da barneko lehia hori izatea», nabarmendu zuen Valverdek, arabarren aurkako kanporaketa amaitutakoan.

«GERATUKO NAIZ»

Zentzu horretan, Villalibrek azpimarratu zuen «oso pozik» dagoela egiten ari den lanarekin: «Oso garrantzitsua da minutuak baliatzea, eta uste dut horretan ari naizela». Gernikako bufaloarentzat «harrotzekoa eta poztekoa da lanak fruituak dakartzala ikustea». Ligan minutu gutxi dituen arren, neguko merkatuan Athleticen geratuko dela berretsi zuen. «Hemen egongo nintzela esan nuen, eta ez naiz inora joango. Gauzak iristen ari direla ikusten da», esan zuen, argi izanik «aurrelari batentzat oso garrantzitsua dela gola sartzea».

«Pozik nago izaten ari naizen boladarekin, konfiantza handia ematen didalako neure buruarengan. Asmatzea ez da aukeratzen duzun zerbait, egunez egun lantzen duzun zerbait baizik. Lana dago, eta zorte apur bat ere bai», azaldu zuen.