GARA
REALA

Abiadura eta potentzia eskainiko ditu Sheraldo Becker surinamdarrak

Talde txuri-urdinak ofizial egin zuen 29 urte beteko dituen aurrelariaren fitxaketa. Jokalaria asteburuan Celtaren aurka jokatzeko prest agertu zen.

Sheraldo Becker, Txurdinekin batera aldageletan.
Sheraldo Becker, Txurdinekin batera aldageletan. (REAL SOCIEDAD)

Egun biribila izan zuen atzo Sheraldo Becker Surinameko jokalariak. Union Berlineko jokalari gisa hasi zuen eguna, baina azterketa medikoa gainditu eta txuri-urdinez jantzita amaitu zuen eguna Realeko jokalari berriak, ondoren prentsaurrekoa eman eta zaleekin ospatu ahal izateko.

Izan ere, Realak ofizial egin zuen Sheraldo Becker aurrelari surinamdarraren 2026. urte arteko fitxaketa; neguko merkatuan egin duen lehen fitxaketa izan da. Klubak ez zituen zifrak aipatu, baina ekainean amaitzen zuen kontratua jokalariak eta fitxatze honek erakusten du beste talde batzuen eskaintzak ekiditeko aurrerapausoa eman duela. Zenbait iturriren arabera, Realak 2 eta 5 milioi euro artean ordaindu dio Union Berlini.

Becker 28 urteko jokalaria da -hiru aste barru, otsailaren 9an, 29 beteko ditu- eta azken lau denboraldiak Union Berlin taldean egin ditu, 140 partida jokatuta eta 24 gol sartuta. Denboraldi honetan 11 neurketatan aritu da Alemaniako Bundesligan, ez du golik sartu eta asistentzia bat eman du. Herbehereetako selekzioarekin jokatu du kategoria gazteetan, baina azkenean Surinamgo selekzio nagusiarekin jokatzea erabaki du.

Talde donostiarraren arabera, Amsterdamen jaiotako jokalaria «ongi mugitzen da erasoko posizio guztietan, eta abiadura eta indarra dira bere bertute nagusiak». Bere fitxaketak Nizara joan den Mohamed-Ali Chok utzitako hutsunea betetzeko balioko du.

Jokalariak atzo bertan egin zuen lehen entrenamendua Imanol Alguacilen aginduetara eta taldekide berriak ezagutzeko aukera izan zuen.

«LAGUNTZEKO PREST»

Realak X sare sozialean (lehengo Twitter) zabaldutako bideo batean, aurrelariak adierazi zuen «oso pozik eta gogotsu» dagoela Realera heltzeagatik, eta asteburuan, Ligan, Vigoko Celtaren aurka jokatzeko prest agertu zen.

Klubak gaineratu zuenez, «orain, Realera iritsi da talde txuri-urdinari abiadura, desbordea eta erasoko aldaerak ematera, eta Spidermanen ospakizunarekin golak sartu ahal izango ditu».

Arratsaldean, Jokin Aperribay presidenteak hedabideen aurrean aurkeztu zuen jokalaria. Bertan, Beckerrek azpimarratu zuen Reala «klub zoragarria» dela. «Zelaian egoteko gogo ikaragarria daukat», gaineratu zuen.

«Realaren partida asko ikusi ditut. Europan izen handia duen taldea da. Bateratua dagoen taldea da, mentalitate eta futbol handia duena. Uste dut asko lagundu dezakedala», adierazi zuen.

Bestalde, Aperribayk eskerrak eman zizkion Realera etortzeagatik. «Erronka handiak ditugu aurrean denboraldi honetan eta oso pozik gaude hemen zaitugulako», esan zion presidente txuri-urdinak Sheraldo Beckerri.