GARA
DONOSTIA

Aterpeen irizpideak malgutzeko eskatu du Caritasek

Gipuzkoako Caritasek kezka «handia» agertu du kalean bizi diren pertsonen kopuruak gora egin duelako, eta pertsona horiek ez dutelako baliabide nahikorik «elikagaiak eta bizitokia eskuratzeko, neguan hotzetik babesteko, ezta enplegua eta etxebizitza posible diren gizarteratzeko prozesurako sarbidea lortzeko ere».

Pertsona horien errealitatea «modu esponentzialean» hazten ari dela nabarmendu zuen atzo eta egoera larri horretan dauden pertsonei gutxieneko arreta emateko antolatzen diren prestazio eta zerbitzuak ez direla nahikoa ohartarazi zuen.

Caritasen iritziz, errealitate horrek «administrazio publiko osoa» interpelatu behar du, «baita erantzun sozial egokien garapenean funtsezko zeregina duten udalak ere».

MUTURREKO BALDINTZAK

Ildo horretan, uste du eguneko zentroak beharrezkoak direla norberaren zaintzarako prestazioak eta gutxieneko elikadura bermatzeko, «baita larrialdiko gaueko zentroak ere, gaur egungoa baino irizpide irekiagoak eta malguagoak dituztenak».

Izan ere, «gaur egungoa gauean muturreko hotz baldintzak izatearen mende dago ateak ireki eta atseden segurua eskaintzeko».

Caritasek hotzaren aurkako aterpeak irekitzeko irizpide batzuk berrikusi egin behar direla uste du. Donostiako La Sirena aterpearen kasuan ez bezala, gogoratu du udalerri batzuek baliabide horiek irekitzeko irizpide malguagoak dituztela jada eta horregatik «jardunbide egokiak hedatzeko» eskatu zuen, «hotz protokoloak aktibatzeko erabiltzen diren irizpideak berrikusiz».