Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Etxean bertan

Egunotan Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaz (EELZ) asko hitz egin da. Bilboko zenbait erabiltzaileri orain arte ordaintzen zutenarekin alderatuta igoera harrigarriak jakinarazi baitizkiete. EELZ beren kabuz moldatzeko zailtasunak dituzten pertsonei etxean bertan laguntza ematen dien zerbitzu publikoa da, bertan ahalik eta denbora gehien egon daitezen. Bakarrik edo beste zerbitzu eta prestazio ekonomiko batzuekin batera, zaintzarako oinarri-oinarrizko zerbitzua da. Halaber, lagungarria da arreta handiagoa behar duten egoerak detektatzeko edo familia-zaintzaileei laguntza eskaintzeko. Udalek kudeatzen dute, eta, Jaurlaritzak dagokion oinarrizko erregulaziorik egiten ez duen bitartean, ezarritako baldintzak askotarikoak dira. Zein kolektibori eskaintzen zaien, zenbat ordu eta zenbat ordaindu behar den ezberdina da bizi garen herriaren arabera.

Ildo horretan, funtsezkoa da ohartaraztea EELZgatik ordaindu beharrekoaren igoera nabarmenak ondorio zuzenak izango dituela: pertsona asko behartuta ikusiko dira modu publikoan betetzen zen funtzio hori familia eta etxeko langileengatik ordezkatzeko. Ezin ahaztu, gainera, zaintzen sektore informala sektore feminizatu, prekarizatu eta arrazializatua dela.

Oraingoan mahai gainean jarri den eztabaida garrantzitsua da, ez soilik erabiltzaile zehatz batzuen bizi-kalitatean eta langile jakin batzuen lan-baldintzetan izango duen zuzeneko eragin negatiboagatik. Izan ere, iraupen luzeko zainketen gizarte antolaketa ereduari buruzko eztabaida pil-pilean dagoela erakusten du. Azaroko greba feminista orokorrak honetaz ohartarazi gintuen, zaintzen krisia erdigunera eraman zuen eta etxez etxeko zerbitzua indartzeko eta garatzeko beharra aldarrikatu zuen modu zehatzean.

Zaintzaren auzia kontu pribatua ez dela gero eta argiago dugu; kolektiboki eraiki beharrekoa da, zerbitzu publiko duinen bidez. Eskubideen unibertsalizazioan atzerapausoak onargarriak ez direlako, kopagoari mugak jarri behar zaizkio, zerbitzu publikoen eskaintza ezin delako mugatu beste aukerarik ez dutenentzat.