A. G.
SASKIBALOIA

London Lions sendoak Gernika erraz bota du

Etsipena Lointek Gernikako jokalarietan.
Etsipena Lointek Gernikako jokalarietan. (FIBA BASKETBALL)

Lointek Gernika Bizkaiak, beste behin, Emakumeen Eurocupeko final-zortzirenetan jo du goia. London Lionsen aurka lan zailak zituen itzulerako partida hasterako ere, baina atzo kantxan gertatutakoa ikusi ostean, garbi geratu zen talde baten mailatik bestearenera pare bat eskailera maila daudela. Kanporaketaren azken emaitza 163-128 izan zen talde ingelesaren alde.

Hirugarren laurdenean izan ezik, Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldea txotxongilo baten antzera erabili zuen London Lionsek. Fagbenle eta Karlie Samuelson buruzagi hartuta, 11-2ko partzialarekin hasi zuten norgehiagoka. Bizkaitarren artean, berriz, Itziar Ariztimuño kantxaratu arte behintzat bizitasun izpirik ere ez. Pieza guztiek partida onena egin behar zuten kanporaketa honi buelta emateko aukerarik izango bazen, baina ingelesen defentsak punturik gabe utzi zuen Stephanie Watts, eta Nikitinaite eta Milapie ahalegindu baziren ere, ez zen nahikoa izan.

Atsedenaldira 47-31 iritsi ostean, susperraldi on bat izan zuen talde bizkaitarrak, 0-9ko partziala lortuta ekin baitzion hirugarren laurdenari. Roso Buch eta Dodsonek puntuak sartzeko bidean aurkitzen ari zirela zirudien, baina ez zen une polit eta labur bat baino izan. London Lionsen erreakzioa Katanic edo Snytsina bezalako jokalarien eskutik etorri zen, 11-3ko partzial batekin erantzunez. Handik aurrera, akabo.

Hirugarren laurdena gernikarrek eraman zuten, baina pena apur bat eman zuen azken hamar minutuetan bizkaitarrek izan zuten beherakadak. Final-laurdenetara pasatzeko inolako aukerarik gabe ikusi zirelarik, burua makurtu zuten Lucas Fernandezek. Ez zuten azken laurdenean beren egiazko maila eman, eta noski, London Lionsek bikain baliatu zuen egoera jokoan beste estutu bat eman eta markagailuan 30 puntuko aldea zabaltzeko.