GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Lenin, hobe «ismo»-rik gabe


Urtarrilaren 21ean 100 urte beteko dira Lenin hil zenetik. Ohikoa denez, batzuk eta besteak mintzatuko dira/gara urteurren honen inguruan. Topiko erreakzionarioak entzunen ditugu, jendarte eraldaketak totalitarismoa ekartzen duela, alternatibarik ez dagoela, historia bukatu dela, sobietar iraultzak kaltea baino ez zuela ekarri...; beste mundu bat imajinatzeko aukera ere deuseztatu nahi dutenek oro baliatzen dute borroka emankorren oroimena estali eta kapitalismoa zilegitzeko, aukera bakarra dela ezarriz. Zorionez, ahaleginak biderkatuko dira, beste aldetik, borroka askatzaileak gogora ekartzeko, itxaropena pizteko, erronka berriak inspiratzeko. 1917an mundua errotik aldatu zela gogorarazteko, adibidez.

Tamalez, oroitzeko saio horien artean, ohiko ariketa nostalgikoak ere aurreikusten ahal ditugu. Esentzien aldarrikapen zaharrunoak, purutasunaren apologiak... beharbada «olinpiada leninistak» etorriko dira, Lenin nork oroitzen duen hobeki lehian jartzeko, leninistena nor den erabakitzeko edo. «Ismo» batzuek halakoak ekartzen dituzte, erreferente historikoak momia bilakatuta, ibilbide historikoak kritikoki aztertzeko aukera alde batera utzita, testu sakratuen modura hartzen dira ekarpen teorikoak egungo zailtasun estrategikoei ihes egiteko. Hau da, Lenin aipatzen ahal da, «zer egin?» galderari erantzuteko ezintasuna makillatzeko.

Lenin buruzagi iraultzailea izan zen, maila teoriko zein praktikoan. Iraultzailea, iraultza pentsatu eta egin zuelako, eta buruzagia, paper protagonikoa izan zuelako. Leninek idatzi egin zuen, erabakiak hartu zituen, eta idatzitakoa eta hartutako erabakien ardura bere gain hartu zuen. Nork bere irakurketa eginen du Leninen bizitzaz eta ekarpenaz. Nik ez dut inongo olinpiadetan parte hartzeko asmorik, ez dudalako «ismo» lehiaketetan denborarik galtzeko gogorik. Bururatzen zaizkit Lenin oroitzeko modu hobeak; egungo eraldaketarako bideak irekiz, esaterako.