Maddi TXINTXURRETA
Kazetaria
1981

Urrezko danbor bi zozkatzen dira Washingtonen

Izan zitekeen Washingtongo National Mall parkea inbestidura egun batean, baina Donostiako Alderdi Eder da, 2012ko danborrada egunean.
Izan zitekeen Washingtongo National Mall parkea inbestidura egun batean, baina Donostiako Alderdi Eder da, 2012ko danborrada egunean. (Juan CARLOS RUIZ | FOKU)

Richard Nixon presidenteak (1969-1974) “Zoroaren teoria” erabili omen zuen haien etsaiek pentsa zezaten edozer egin zezakeela gerra bat irabazteko, inor ez zedin atrebitu Estatu Batuak probokatzen. Eta 1981eko urtarrilaren 20an, Mohamed Ali boxeoko munduko txapeldunak adierazpenak egin zizkion prentsari, bezperan bere buruaz beste egin nahi zuen gazte bat patu ilunaren leihotik urrundu ostean. Gizarte amerikarraren «suizidioa eta zoramena» izan zituen aipagai. «Hau zoroen herrialde bat da; zorotik gutxien duena, atzo bere buruaz beste egin nahi zuen gizona», esan zuen.

Bada, egun horretan, «zoroen» herri horren lema hartu zuen Ronald Reaganek: Estatu Batuetako 40. presidentea bilakatu zen. Berak hasi zuen inbestidurak Kapitolioaren mendebaldeko aldean ospatzeko tradizioa, National Mall parkean, jende gehiago batzeko aukera zabalduz. Jimmy Carterri batuta idokitzeko ekitaldian sekulako dirutza inbertitu zuen, zortzi milioi dolar -640 milioi pezeta, urtarrilaren 21ean “Egin”-ek jaso zuenez-; bere momentua zen, eta, beraz, gazi-gozoa egingo zitzaion 444 egunez Iranen bahituta ziren 52 estatubatuarrak egun horretan, justu inbestiduraren egunean, askatzea.

Gutxigatik, baina Reaganek irabazi zuen bahituak libratzearen meritua; berak iragarri zuen, inbestiduran bertan, Khomeini aiatolaren garretatik askatuak zirela. Urtarrilaren 20 hartan, inbestidurari eta bahituei buruzko teletipoak nahastu zirela zioen “Egin”-ek. Meritua poltsikoratu bai, baina zortzi milioi dolarreko show-a lapurtu zioten presidente berriari herrikide liberatuek.

BITARTEAN, DONOSTIAN

Hau guztia gertatu bitartean, danbor hotsek ez zuten etenik izan Donostian, San Sebastian egunean. Hango Ronald eta Nancy Reaganen partez, hemen Easo Ederra eta Jenerala; hango Mall zabaldegiaren ordez, hemen Alderdi Ederreko lorategia; hango “God bless America” beharrean, hemen “Gora Donostia!”.

Gauerdian, San Sebastian bezperan, Carlos Garaikoetxea lehendakaria agertu zen Donostiako Plaza Berriaren aurrera, bandera donostiarra altxatzera. Beste bandera erraldoi batek egin zion harrera, “Presoak kalera” aldarrikatzen zuen batek. Ez zuten uste bezain goxo hartu plazan ziren herritarrek: «Publikotik gutxienez bi harri jaurti ziren», zioen “Egin”-ek, eta batek lehendakaria jo zuen. Zenbait pertsona haserre ziren berarekin, euskal preso eta errefuxiatuekin zuen jarrerarengatik.

Estatu Batuetara begiratzeko beharrik ez zegoen, Euskal Herrian bazen nahikoa saltsa. Edo hala iritzi zioten, bederen, “Egin”-eko zenbait kolaboratzailek. Ez ziren estatubatuarren show-ari horrenbeste sona ematearen aldekoak, eta izan zen aldarrikatu zuenik begiradak gurera destatzeko. «Irango ipar amerikar bahituak askatuak izango ote diren. Eta niri zer? Khomeini ez da nire aitabitxi, eta gutxiago amerikarrak [...]. Barka, jaunak. Ez al deritzozue Amerikari dedikatzeko gehiegi?», idatzi zuen Xabier Amurizak. Eta Zakilixut-ek bere zintako pertsonaia Estatuko Aldizkari Ofiziala irakurtzen jarri zuen: «Publicado en el BOE la liberación de los tipos de interés. Liberatu zetiate. Baina, ez nian uste amerikano tipo horiek hainbesteko interesa zutenik».

Lerro artean, zera ari ziren aldarrikatzen: «Euskal Herria lehenik!»

ABISATUTA ZEUNDETEN

Berriz ere, 2017ko urtarrilaren 20an, meritu eta demerituen dantza. Donald Trumpen inbestiduraren egunean, Sinaloako karteleko buruzagia, Joaquin El Chapo Guzman, Mexikotik AEBetara estraditatu zuten; hain justu, enpresari handikiak kargua sinatu baino ordu batzuk lehenago. Mexikok ez zuen nahi meritua Donald Trumpek eskuratzerik, beraz, Barack Obamaren Gobernuaren azken hatsean entregatu zioten narkotrafikatzailea Estatu Batuei, GARAk jaso zuenez.

Bitartean, Donostian, normaltasun hotsak zekartzaten danborrek. 1981etik 2017ra, AEBtako kontuek mundu osoko egunkarietako hainbat azal bete dituzte, baita “Egin” eta GARArenak ere. Hainbeste, ezen GARAko kolaboratzaileek ez baitzuten azkurarik sentitu urtarrilaren 21eko alea hartu eta Trumpen urrezko adatsa lehen orrian ikustean. Titularrak aurresan zuen: «Amerika lehenik». Gero gerokoak. Harririk ez zuten hegan ikusi San Sebastianetan urte hartan.

Washingtonen, harrikadarik handiena duen «amerikano tipoa» Kapitoliora iritsi zen. Eta orduan, zenbaitek mahai gainean jarri zuen, duela zazpi urte, Donald Trump misogino, xenofobo eta dirudunak Etxe Zuria okupatu zuenean: «Eta Nixonen ‘Zoroaren teoria’ aplikatzen ari bada?».

Bada, ez. Trumpek munduko herrialde boteretsuenetarikoaren lema hartu aurretik, «nortasun nartzisistaren desordena» pairatzen zuela ohartarazi zioten orduan presidente zen Obamari hiru ikertzailek -Harvardeko Medikuntza Eskolako Judith Hermanek eta Kaliforniako Unibertsitateko Nanette Gartrell eta Dee Mosbacherek-. «Zoramenak», beraz, ez zuen estrategia politikorik jatorrian; izatekotan, berezkoa zuen. Agian, Mohamed Ali Trump presidente izendatu baino urtebete lehenago hil ez balitz, 2017ko urtarrilaren 20an oihu egingo ziokeen munduari: «Abisatuta zeundeten!».

MERITUAK BANATZEA

Kontua da, 1981ean eta 2017an, Reaganek Irango bahituen meritua jaso eta Trumpek El Chapo-rena galdu zuenean, Donostiako Udalak eskaintzen duen meriturik handiena umezurtz geratu zela. 1981eko urtarrilean, Xavier Domingo kazetari gastronomiko katalanak (Bartzelona, 1929-1996) jaso zuen urrezko danbor entzutetsua, baina bi urteren buruan erauzi egin zioten saria, Udalbatzaren erabakiz; antza, euskal abertzaleak mindu zituen artikulu bat idazteagatik. 2017an ere kazetari katalan batek jaso behar zuen saria, Angels Barcelok, baina inork ez zuen bere aldeko botorik eman.

Merituen borroka Washingtonen, eta bi sari jaberik gabe Donostian. Bat boxeolariarentzat izan zitekeen, pertsona bat salbatzeaz gain iragarle lanetan fin ibili zelako. Eta bestea, akaso, Trumpentzat, ezein presidentek lortu ez duena eragin baitzuen haren inbestiduraren egunean: milaka eta milaka pertsona, munduko hainbat herrialdetan, haren kontra kalera ateratzea.



[1996] Arrainontziak sendatzen zituen «mediku» ondarroarra

Itsasgizon eta itsasandre zaharrek baino ez dituzte oroituko 1996an jada galbidean zen ofizioarenak. Juan Beristain ondarroarra izan zen, hark esatea maite zuen eran, arrainontzien medikuntzan azkenetako ordezkaria. Hark zuen belarririk finena, eta gai zen ontziei izokina uxaraziko zuten soinuak entzuteko, pazientea auskultatzen duen doktorearen antzera. Euskal Herriko kostan, baina baita urrutiago ere, ontziek soinu arrarorik ote zuten ebazteko deitzen zuten eta, horrela, arrainak hartu ezinean zebiltzan arrantzaleen kezkak konpontzen zituen, barkuen eztulak sendatuz. Arrainek ere ez baitute zarata maite.

Itsasandre eta itsasgizon beteranoek baino ez lituzkete gogoan izango 1996an jada galbidean zen ofizioarenak, Alazne Basañez kazetariak ez balitu orduan kronika batean jaso. Luma finez ezagutzera eman zion “Egin” egunkariko irakurleari Beristainen ofizioa, eta Ondarroako portuaren garai hartako argazki zehatza dakarte gaur lerrook. “Egin”-en argitara eman zen kronika osorik berreskuratu dugu NAIZen, irakurleek ere aditu ditzaten duela 28 urte arrainontzien tripek egiten zituzten orroak.