GARA Euskal Herriko egunkaria
PATAGONIA

Tasio Martinek sari ederra jaso du Cerro Torreren mendeurren berezian

Ignacio Mulerorekin eta Marc Torallesekin, alpinista urduñarrak gailurra lortu du hego-ekialdeko ertzatik igo eta gero. Hirukoteak baldintza oso kaskarrak izan zituen jaitsiera osoan.

Tasio Martin headwall-eko 7a+ mailako luze batean; goian eskuinean tontorraren elur-onddoa ikusten da. (Tasio MARTIN)

Flipatu hitza asko erabiltzen dute gazteek. Duela bost edo sei hamarraldi, Cerro Torre lehen aldiz ikusi eta hura igotzen saiatu ziren gazteak zur eta lur geratu ziren erpinak duen estetikarengatik. Lionel Terray frantziarrak, adibidez, esan zuen menderaezina zela. Baina duela berrogeita hamar urte, Daniele Chiappa, Mario Conti, Casimirio Ferrari eta Pino Negro italiarrek Terrayk esandakoa bertan behera utzi zuten. Urtarrilaren 13an, Ragni di Lecco taldeko ordezkariok lehen aldiz Cerro Torreren tontorra zapaldu zuten mendebaldeko isuritik eskalatu ondoren.

Tasio Martin ere gaztea da; soilik 23 urte ditu. Bada, urduñarra Argentinako Patagoniara eginiko bere lehen bisitan erpin zoragarri hori ikusi eta txundituta geratu da. Hori gutxi ez, eta aipatu dugun urteurren horren bezperan, joan den urtarrilaren 12an, italiarrok bezala tontor preziatu hori lortu du. Martinek flipatzeko moduko abentura izan dela baieztatu digu. Ignacio Mulero madrildarrarekin eta Marc Toralles katalanarekin soka gerrira lotu eta sona handia duen hego-ekialdeko ertza eskalatu zuen: “Egundoko subidoia izan zen. Gailurra zapaldu eta emozionatu nintzen. Ez nuen sinesten! Emozio horrek jaitsieran iraun zuen; une jakin batean elurrean eseri eta negar malko batzuk isuri nituen. Gainera, mendeurren berezi horrekin bat egiteko aukera izan dut”.

Aipatu dugu alpinista bizkaitarrak lehen aldia zuela mendilerro argentinar horretan. Plan guztiak Torallesekin antolatu zituen. Biak ala biak elkar ondo ezagutzen dute. Martinen irakaslea izan da katalana. Sokakidea izateaz gain, lagun bihurtu dira: “Nahiz eta helburu zehatzik ez genuen, bion ala bion buruan Cerro Torre zegoen. Ni Paineko Dorreetan nengoen, eta Marc joan den 5ean El Chaltenera heldu zen. Ohiko leiho on bat behar genuen, eta bat iragarri zutenean elkartu ginen. Astebete lo egin gabe egin nuen Cerro Torrerekin pentsatzen. Ignacio gu baino lehenago iritsi zen El Chaltenera. Carlos Suarezekin joan zen, eta Cerro Torren ekinaldiren bat egin zuten. Esan zigun ea aukera zuen gurekin xede horretan bat egiteko. Eta guk ateak zabaldu genizkion”.

Azkenean, iragarritako leihoa ez zen hain ona izan. Alabaina, Cerro Torrera abiatzea erabaki zuten. Lehen bi egunak nahiko lainotuak izan ziren, eta hurbilketa biderako aprobetxatu zuten. Fitz Roy ez bezala, Cerro Torre erabat estalita zegoen. Hortaz, alpinista gazteak esan duen bezala, erpin hori ikusteko ez zuten aukerarik izan: “Zorionez, lainoa altxatu eta gure xedea ikusi genuen. Irudi harrigarria izan zen: pareta osoa elurrez estalita zegoen. Flipantea! Horma tentea da, baina izotza ez zuen; bai, ordea, elurra. Gure atzetik hiru italiar zeuden, eta egoera hori ikusi eta atzera egin zuten. Glaziarra ez zuten zeharkatu ere egin. Guk aurrera jarraitzeko erabaki hartu genuen. Asimilatuta zegoen aukera gutxi izango genituela. Baina probatzera otu zitzaigun. Gainera, luze batzuk egin eta hortik rappelatzea asmo ona zen, batez ere jaitsiera ezagutzeko”.

Nahiz eta paretaren baldintzak ez ziren garbiak, eguraldia lagun zuten. Gainera, hego-ekialdeko isurian zeudenez, eguzkiak elurra urtu egin zuen. Urtu bai, baina ibilbidea busti ere. Martinek dio bi egun behar izan zituztela marra hori igo eta tontorra zapaltzeko: “Hurbilketa bidearen bigarren egunean Paciencia izeneko lepora iritsi eta denda antolatu genuen. Hain justu, leku horretan eskalada hasten da. Halere, hara iristeko mistoko hamar luze eskalatu behar dira. Lehen eskalada egunean headwall-aren oinarrira heldu ginen. Eta han lo egin ere. Bigarrenean, berriz, giltza den sekzio hori gainditu, gailurra lortu eta bide beretik rappelatzen hasi ginen”.

JAITSIERA GOGORRA

Bat-batean, eguraldi eguzkitsua, hots, leiho ona, amaitu zen. Eta jaitsieran baldintza oso latzak izan zituzten. Batez ere, haize bolada gogorrak: “Zaila izan zen oso. Haizearen ondorioz, erabat izoztuta geunden. Aurpegia, arropa, motxila… den-dena zuri. Haizearengandik rappel motzak egitea erabaki genuen. Gainera, soka bakar batekin. 15-20 metroko berrogei rappel baino gehiago izan ziren. Igoera oso ona izan zen; jaitsiera, berriz, oso gogorra”.

Eskaladaren baldintzei dagokienez, Martinek aurreratu digu batez ere artesiak garbitzen lan handia egin zutela. Lehen eskalada egunean, adibidez, bibakera berandu (gaueko 10etan) iritsi ziren. Biharamunean, berriz, elurra urtzen joan zen eta pareta bustita zegoen. Adibidez, headwall-ean (6c eta 7a+ maila arteko luzeak) blai eginda zeuden. Plakak dira eta librean eskalatzeko zailtasunak izan zituzten. Arratsaldeko 2:30ean, hirukotea tontorrean zen. Berandu berriro. Rappelatzen hasi eta Paciencia izeneko lepora hamabi ordu beranduago iritsi ziren: “Ordu batzuk oso txarrak izan ziren. Soka noiz trabatuko ote zen zain geunden; zorionez, ez genuen arazorik izan. Egoera horietan Marcek eskarmentu handia du, eta esan zidan ia muturreko jaitsiera izan zela. Buruarentzat oso gogorra izan zen”.

Igoeraren baldintzak ikusita, bizkaitarrak dio oso gustura daudela eginiko lanarekin. Librean asko eskalatu dute. Bustita zeuden sekzioak, berriz, artifizialean igo dituzte. Adibidez, headwall-ean dagoen eskuineko aldaera: “Tresneria finko gutxi dago, eta onartu behar dut kristoren abentura izan dela. Ignacio oso motibatuta zegoen era askean ahal zen guztia igotzeko. Baina ikusi zuen horma zein egoeratan zegoen. Flipatu egin zuen ere. Goiko luzeak, adibidez, ederrak baino ederragoak dira; 6c maila ingurukoak. Eta zure oinen azpian 1.500 metroko hutsunea duzu. Granitoaren kalitatea ere oso ona da. Harlauza batetik bestera igarotzen duzu, eta tartean plaka estiloko tarteak daude. Artesiak, berriz, gutxi. Oso eskalada entretenigarria zen. Estetikoa ere bai, eta, jakina, bide historiko bat eskalatu dugu”.

Aipatu dugu Urduñako alpinista gaztea dela; alabaina buruz eginiko ibilbide oparoa egitean ari da. Nahiz eta oraindik “ikasten” ari den, Cerro Torren egin duena urratsa garrantzitsua izan da; sendotzen duen horietakoa: “Oso pozik nago eginiko lanarekin. Ikusi dut nire ibilbidean alpinista bezala aurrera egin dudala. Marcekin leku ezezagunetan rappelak nola egin asko ikasi dut. Cerro Torren nik neuk ekimena hartu nuen. Konpromiso hori oso barruan sentitu dut. Oso polita da garapen hori: egoerak nola gestionatu, partekatu, kontzientzia hartu… Eta Patagoniara eginiko nire lehen bisitan erpin horren tontorra erdietsi dut. Une jakin batean neure buruari zera esan behar izan nion: Tasio, Cerro Torren zaude! Bestalde, hirurok ala hirurok eginiko lana azpimarratu nahiko nuke. Den-dena partekatu dugu. Ignacio ez da alpinista, baina arrokan gu baino askoz ere indartsuagoa da. Talde oso ona osatu dugu, eta den-denok gure alea jarri dugu. Oso ondo elkar ulertu gara”.