GARA
LEZAMA
BIGARREN MAILA

Eldensek are hondorago bidali du sailkapenean Amorebieta

Denboraldi gogor eta goranzko malda amaiezinekoa bizitzen ari da Amorebieta, Bigarren Mailara itzuli den honetan. Azken sailkatua da eta, atzo, aurkari zuzena izan zitekeen Eldenseren aurka, porrot mingarria jaso zuen etxean, Lezaman. Hala, are hondorago joan da sailkapenean talde zornotzarra. Salbaziotik 8 puntura dago eta tartean, beste hiru talde ditu, Cartagena, Andorra eta Huesca -honek Eibar hartuko du gaur, 18.30ean-.

Hasieratik izan ziren nagusi Alacantekoak, 8. minutuan Ortuñok egin zuen gol bati esker. Jauregik ongi bukatu ez zuen kontraeraso baten ondotik iritsi zen kanpotarren gola eta horrek erabat kolpatu zuen etxeko taldea, konfiantzaz baxu dagoen seinale. Erreakzioa ezin bilatuta ibili ziren, aurkariak sekulako lasaitua hartu zuen bitartean. Jaitsiera postuetatik aldentzeko saiakeran, sekulako garaipena eskuratu zuen atzo Lezaman.

Nolanahi ere, benetako lasaitua 0-2koarekin iritsi zen, 68. minutuan. Mario Soberonek egin zuen gola eta partidaren azken txanpan, hirugarrena egiteko aukera ere izan zuten, baliabiderik gabe zegoen Amorebietaren aurrean.