GARA Euskal Herriko egunkaria

Etxebizitzaren auzian «hitzetatik ekintzetara» igaro nahi du EH Bilduk

Gazteen emantzipazio arazoa konpontzeko «hitzetatik ekintzetara« pasatzeko ordua dela adierazi zuen EH Bilduk Galdakaon, eta udalerri horretan abian jarritako politikak azaldu zituzten bertako alkate Iñigo Hernandok eta Oihana Etxebarrieta parlamentariak. Gazteei eta errenta txikienei zuzendutako proiektuak nabarmendu zituzten.

Oihana Etxebarrietak, Iñigo Hernandok eta EH Bilduko kide batzuek agerraldia egin zuten Galdakaon, etxebizitzaz hitz egiteko. (EH BILDU)

Oihana Etxebarrieta, EH Bilduren parlamentari eta hauteskunde kanpainako bozeramaileak, eta Iñigo Hernando, Galdakaoko alkateak, agerraldia egin zuten atzo, etxebizitzaren auzian «hitzetatik ekintzetara» pasa dadin eskatzeko eta, era horretan, Bizkaiko udalerrian abiatu dituzten ekimenak azaltzeko.

Gazteen emantzipazio arazoan azpimarra jarri zuten biek, eta, ildo horretan, iragan astean ezagutzera emandako datuak gogoratu zituzten: EAEko gazteek soldataren 4,5 urte oso erabili behar dituzte etxebizitza erosteko sarrera ordaintzeko, izan ere, gazteen batez besteko soldata 1.045 eurokoa da, eta batez besteko alokairua, 942 eurokoa. «Zein gazte emantzipatu daiteke baldintza horietan?», galdetu zuten koalizioko ordezkariek.

TRESNAK, EGON BADAUDE

Etxebarrietak nabarmendu zuenez, indar independentistarentzat etxebizitzaren auzia «lehentasuna» da, eta hor kokatu zuen Kongresuan estatu mailako Etxebizitza Legeari koalizioak emandako bulkada.

Gaineratu zuen indarrean dagoen Etxebizitza Legean euskal erakundeek badituztela tresnak konponbideak bilatzeko, baina adierazi zuen EAJ eta PSEren Exekutiboa «berandu eta gaizki» doala. Horren aurrean, ezker independentistak neurriak hartuko dituela iragarri zuen. Besteak beste, gobernatzen dituen udaletan, baldintzak betetzen badira, udalerri horiek gune tentsionatu izendatzeko eskatuko diote Lakuari, alokairuaren prezioak muga daitezen, eta gaineratu zuen gobernatzen ez duten lekuetan Udalari eskaera hori Gobernuari aurkez diezaiola eskatuko diotela.

Edonola ere, parlamentariak beste pausu batzuk ematearen alde egin zuen, eta azpimarratu zuen gazteei etxe- bizitza eskuratzeko erraztasunak emateko bestelako ekimenak abian jar daitezkeela.

Bide horretan, Galdakaoko Udalak 34 urtetik beherakoentzat abian jarritako proiektua nabarmendu zuen. Gogora ekarri zuenez, 42 etxebizitza dira guztira, eta alokairua 300 euro ingurukoa da.

GALDAKAON EZARRITAKO POLITIKAK

Iñigo Hernando alkateak azaldu zuen udalek, maila ezberdinetan, neurriak har ditzaketela etxebizitzaren auziari erantzuteko. «Udalgintzaren zutabetzat ulertzen ditugu etxebizitza politikak», esan zuen udal ordezkariak, eta gogoratu zuen Galdakaon hartutako neurrien artean, etxebizitza teknikari lanpostua sortu zutela udal gobernura heldu bezain laster, etxebizitza politikak aurrera eramatearren.

Hernandok gogoratu zuen gizarte larrialdietarako etxebizitza kopurua bost aldiz handitu dutela, hiru etxebizitzatik hamabostera pasatuta; etxebizitza hutsen inguruko azterketa egin dutela; eta etxebizitza aholkularitza ere abian jarri dutela. Horren ondoan, alokairu sozialera bideratutako etxebizitzen arloa ere jorratu dute, Lakuako Gobernuarekin elkarlanean.

Alkateak zehaztu zuen alokairu baxuko 42 etxebizitza eraiki dituztela herrian: «16, guraso bakarreko familientzat, eta mugikortasun urriko pertsonentzat beste bi». «Etxebizitzak ez dira zozketa bidez esleituko, baizik eta, beste baldintza batzuen artean, izena eman duten pertsona errenta baxuenetatik hasita», azaldu zuen. Horiek guztiek emantzipaziorako «lehen aukera izateko, eta egoera zailetan dauden familientzat lagungarria izateko», esan zuen.

Gaineratu zuenez, «alokairua, esleitutako etxebizitzaren gela kopuruaren arabera, 250 eta 350 ingurukoa izango da, bost urtetan bizitza proiektu ezberdinen oinarriak jarri ahal izateko».