A.G.
IDK EUSKOTREN

Donostiarrek Top 8ko taldea direla erakutsi diote Barçari

Sendo jarraitzen du IDK Euskotrenek. Ondo bidean, Emakumeen Endesa Ligako Top 8an merezita sailkatuko dela erakutsi zuen atzo ere.

Azu Muguruzarenek, hasi eta buka, mendean erabili zuten Barça CBS taldea, batez ere Erin Whalen -20 puntu- eta Alba Prietoren -14 puntu eta 6 asistentzia- lanari esker. Nolanahi dela, erasoan estuasunen bat izan zuten bakoitzean, defentsa lan bikaina konponbiderik aproposena bilakatu zen gipuzkoarrentzat.

Iaz ez bezala, Bartzelonako taldea Emakumeen Endesa Ligako sailkapenean hondoa jota dago, azken-hirugarren postuan baitago, bost garaipenekin. Halako egoera depresiboan dauden taldeen aurka partidari gogor ekitea garaipen erdia izan litekeela jakitun, Azu Muguruzarenak oso kontzentratuta hasi ziren, 2-11 aurretik jarriz.

Hamar puntuz goitik izan ziren ia beti donostiarrak. Barçak 2-3 zonakako defentsarekin buruhausterik sortu arren, denboraldiko hamaikagarren garaipenak ez zuen ihes egin.