GARA Euskal Herriko egunkaria

Emakunderen Berdintasun Eskola, parekidetasun arloan prestatzeko gunea

Miren Elgarresta eta Nerea Melgosa. (IREKIA)

Emakundek atzo aurkeztu zuen berdintasunaren arloan herritarrak sentsibilizatzea, prestatzea eta gaitzea bultzatzen duen online gunea: Emakunderen Berdintasun Eskola. «Kalitatezko prestakuntza eskaintza da, doakoa, pertsona bakoitzari egokitua, berdintasunarekin, aniztasunarekin eta feminismoarekin lotutako gaietan interesa duen publiko zabal batengana iristeko», adierazi zuten.

Nerea Melgosa, Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria, izan ziren aurkezpenean. «Jauzi kualitatibo garrantzitsua da kalitatezko prestakuntza lortzeko», esan zuen sailburuak.

Emakunderen Berdintasun Eskolak jasotzen duen prestakuntza eskaintza 32 ikastarok osatzen dute, parekidetasunari buruzko zenbait gairi buruzkoak. Gaien artean, berdintasunari buruzko oinarrizko ikastaro batez gain, honako gai hauen inguruko ikastaroak eskaintzen dira: ziberfeminismoa, ahalduntze feminista, genero ikuspegia txertatzea, berdintasunean haztea, emakumeen aurkako indarkeria, berdintasunezko maskulinitateak, berdintasuna kirol praktikan, berdintasuna osasunean, komunikazioan, ekonomia feminista, berdintasun-planak enpresetan...

ESKAINTZA ZABALA

Ikastaro gehienak interes orokorrekoak izan arren, badira publiko jakin batentzat zuzenduta sortu dituztenak ere. «Sortzen ari diren eskaerak kontuan hartu dira, administrazioko langileez harago doazen publiko berriak identifikatu dira eta metodologia eta formatu berriak proposatu dira», gogorarazi zuen Emakundeko zuzendariak. Ikastaroak urte osoan zehar egingo dira, doakoak izango dira eta ikastaroetan parte hartu izana egiaztatuko du Emakundek.