24 ENE. 2024 PILOTA Urrutikoetxea atzelari gisa itzuliko da Binakakora, Aranguren ordezkatuz Unai Lasorekin bikotea osatuko du, Altuna eta Martijaren aurka Bilbon jokatzeko. Jon Mariezkurrenak ere, eskuin eskuko minez, ez du larunbatean Labriten jokatuko eta Eskiroz arituko da ordezko; Jakarekin, Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka jardungo da, lidergoa jokoan. Mikel Urrutikoetxeak eta Unai Lasok bikotea osatuko dute larunbatean Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU) Jon ORMAZABAL Aspaldiko partez bere enpresak Binakakotik kanpo utzi ostean, ordezko atzelari gisa itzuliko da Mikel Urrutikoetxea urteko txapelketarik luzeenera; eskuko minez den Aitor Arangurenen ordez larunbatean Bilbon aritzeko deitu dio Baikok. Ez da Bilboko enpresak hamaikagarren jardunaldi honetarako egin beharko duen aldaketa bakarra, Jon Mariezkurrenak ere eskuin eskua minduta amaitu baitzuen larunbatean eta aste honetan atseden hartu beharko du. Iosu Eskirozek hartuko du haren lekua, Jakarekin batera lidergoa jokoan izango den Peio Etxeberria-Zabaletaren aurkako lehian aritzeko. Bederatzigarren jardunaldian, Ezkabarte-Makirriaingo atzelaria Jon Ander Albisuren ordez sartu zen Markina-Xemeinen eta, Peñarekin 22-19 galdu arren, lan txukuna egin zuen Jaka eta Mariezkurrenaren aurka. Atzelari nafarra da, printzipioz, Baikoren lehen ordezkoa, baina hutsuneak pilatu zaizkionean, Bilboko enpresak nahiago izan du Mikel Urrutikoetxea postuz aldatu, gazteren bati aukera eman aurretik. HIRUGARREN ALDIA Hori bai, atzelari jokatzea ez zaio, inondik inora, arrotza egingo Zaratamoko pilotariari, aurretik ere Binakako bi txapelketatan bizkartzain lanetan aritua izan delako, bietan Aimar Olaizola lagun zuela, eta emaitza oso onekin, gainera. 2016an txapela jantzi zuten Juan Martinez de Irujoren ibilbide osoko azken partidan, Iberokoak finala jokatzen ari zirela hatz batean min hartu ostean, eta 2020an berriz ere finalera heldu ziren; hori bai, pandemiagatik hutsik zen Bizkaia pilotalekuan Ezkurdia-Martijaren aurka galdu zuten. Larunbat honetan ere Bilbon arituko da Mikel Urrutikoetxea, kasu honetan beste txapeldun handi baten, Unai Lasoren, atzelari, sasoi ederrean diren Altuna-Martijaren aurka aritzeko. Azkenaldian fokuetatik oso urrun dagoela, bere maila aldarrikatzeko aukera polita du, hortaz, Zaratamokoak, nahiz eta aspaldian ez duen atzelari postuan jokatu. Bere ibilbidean ia denetarik gertatu zaion arren, aspaldiko une txarrenetako batean dago bizkaitarra. Uda osoan apenas estelarrik jokatu gabe, bigarren mailako lanak agindu zizkion enpresak eta Binakakoan ere ez zuten titularren artean sartu, ezta min hartuta zen Unai Lasoren ordezko lanetarako ere, Iker Larrazabal lehenetsiz. Salaberriaren aurka urriaren 8an lehen kanporaketan galdu eta lesionatu ostean, pilotazaleek ere apenas izan dute Mikel Urrutikoetxearen berri. Lau aste behar izan zituen zuntz-hausturaz osatzeko, baina ordutik lau partida baino ez ditu jokatu, azkena abenduaren 30ean Bilbon, Ugartemendia lagun, Bakaikoa-Elizegiren aurka 22-13 irabaziz. Urtarril osoan partidarik jokatu gabea da Urrutikoetxea eta 24 orduan bi jokatuko ditu, ostiralean Gautegiz-Artegan iragarria baitago; horretan, aldiz, aurrelari gisa aritzeko. 4 PARTIDAUrriaren 8an Salaberriaren aurka Lau eta Erdikoan galdu eta min hartu ostean, lau aste behar izan zituen osatzeko; 4 partida baino ez ditu jokatu Zaratamokoak, azkena abenduaren 30ean. AUKERAKETAKBizkaia pilotalekuan pelikula bat filmatzen ari direla-eta, Bilbo eta Tolosako aukeraketak ostegunera atzeratuta, gaur egingo dira asteko lehenak, Iruñean eta Hendaian. GERNIKAWinter Serieseko bigarren finalerdirako -Erkiaga-Ibarluzea / Olharan-Del Rio- sarrerak atzo jarri ziren salgai eta sei minutuan agortu ziren.