Zineman euskarak ez du ia tokirik, %2,48 Hego Euskal Herrian
Ehundik bi, ia-ia ezereza da. Hori da, gutxi gorabehera, euskarak Hego Euskal Herriko zinemetan duen presentzia, %2,48; edo bestela esanda, 2023an estreinatu ziren 564 filmetatik 14tan. Pantailak Euskaraz ekimenak eta Behatokiak datuok azaldu eta zinema-areto konbentzionaletan euskarak duen egoera kaskarra salatu zuten. Onartutako legeak betetzeko eta neurri zehatzak diseinatzeko ere eskatu zuten.
Euskarak Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan zenbateko presentzia duen neurtu dute Pantailak Euskaraz mugimenduak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak: zinema komertzialetan euskararen presentzia ez da %2,5era iristen. Emaitzak atzo aurkeztu zituzten Donostian, eta «euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketa sistemikoa» dela salatu zuten.
Datuak «gordinak bezain kezkagarriak» direla aitortu zuen Alex Aginagalde Pantailak Euskarazeko ordezkariak. 2023 osoan Paul Urkijoren “Irati” fantasiazko filma izan zen zinemetan euskaraz estreinatu zen fikziozko film bakarra, euskarazko hainbat dokumental eta haurrentzako nazioarteko pelikula batzuk euskarara bikoiztuta estreinatu baziren ere.
Datuei erreparatuta, desoreka nabarmena ikus daiteke hizkuntzari dagokionez. Gazteleraz edo gaztelerara azpititulatuak 564 izan ziren; euskaraz estreinatutako filmak, aldiz, hamalau. Hamalau horietatik lau izan ziren jatorriz euskarazko bertsioan eskainitako euskal ekoizpenak; hamar, Zinema Euskaraz programaren bitartez euskarara bikoiztutako haurrentzako filmak, eta jatorriz elebidun edo eleaniztunak diren beste hiru ekoizpen ere izan ziren.
Aurkezpenean gaineratu zuten euskarazko filmek izaten duten emanaldi kopurua gaztelerazkoek dutena baino askoz ere txikiagoa dela; beraz, emanaldi kopuruari begiratuz gero, euskarazko eskaintza are txikiagoa litzateke: %1 ingurukoa. Ipar Euskal Herriko daturik ez dutela lortu onartu zuten, baina egoera han «askozaz okerragoa» izan daitekeela pentsatzen dutela.
PRESENTZIA URRIA
«Ez ditugu aisialdiaz gozatzeko aukera berak euskaldunek edo erdaldun elebakarrek; bigarren mailako herritartzat gaituzte», adierazi zuen Aginagaldek. Gaineratu zuen nazioarteko film arrakastatsuak euskaraz ikusteko aukera ere izan beharko litzatekeela.
Adibide zehatz bat mahaigaineratu zuen Agurne Gaubekak: «Pasa den urtean, salaketa bat baino gehiago jaso genituen ‘Irati’ filmaren gaztelerazko emanaldi gehiago egon zirelako, eta batzuek, euskaraz ikusi nahi zuten arren, gazteleraz ikusteko aukera bakarrik izan zutelako».
Egoeraren azterketa aurkeztu ondoren, horri aurre egin eta euskararen presentzia bermatzeko neurriak eskatu zituzten. Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko eleduna arduratu zen horretaz: «Nekez uler daiteke bi hizkuntza dauden lurralde batean herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak horrela ukatzea, eta ondorioz, herritar guztien oinarrizko eskubideak mugatzea». EAEko zein Nafarroako Legeak zerrendatu zituen, erakunde publikoei gogoraraziz oraindik lege horiek ez dituztela betetzen, eta neurri zehatzak martxan jartzeko eskatu zuten.