IKER GURRUTXAGA
MUSIKHARIA
Entrevista
GAIZKA INSUNZA
Audience taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea

«Lokalean bertsioekin jolasean hasi eta disko bat osatzeko erronka bete dugu»

“B.D. berrikusia” diskoa atera du Audience talde gernikarrak. Erronka handi bezain polita hartu zuten esku artean, are gehiago azken hilabeteetan izandako esposizioaren ostean. Bagenekien gisa honetako musikan talde oso ona zela, eta disko honek hori baieztatu digu. Gaizka Insunza izan da «Musikharia» saioan, lanaren berri ematen.

(Virginia CRUZ eta Amaia BADIOLA)

 

Kaixo Gaizka, zer moduz?

Ondo. Zu zer moduz?

Ondo ni ere. Zu, ordea, azterketa sasoian zabiltza orain.

Bai, irakasle bezala Estatistikako azterketa egin berritan harrapatu nauzu.

Tira, hel diezaiogun diskoari. «Mendian trumoia» abestiarekin hasten da; instrumental batekin hasten da abestia eta kontzertu hasiera bat irudikatzen du. Bob Dylanek ere horrelaxe egiten du. Nola senti dezake artista batek bere, beste norbaiten kantua?

Disko guztian dauden abesti guztietatik hau da Bob Dylanen disko bat irekitzen duen bakarra. Hori aipatu gabe ezin hasi erantzuten. Bob Dylanengan pentsatzen baduzu, ziurrenik ez zaizu abesti hau burura etorriko lehenengoan. Egitura blues-country itxurakoa dauka, akorde nahiko ohikoak ditu. Abesti horiek nahiko sinpleak dirudite, baina jotzeko ez dira hain errazak izaten. Estilo ariketa hori egin nahi izan dugu; musikari amerikarrek nola egiten dituzten horrelako kantuak eta soinua nola lortzen duten begiratu dugu. Abesti hauek tren batek bezala aurrera egiten dute momentu oro; esango nuke guk zertxobait azkartu egin dugula, eta, swing apur bat emanda, rockabilly estilora gerturatu da. Guretzat abesti bakoitzaren bueltan egin duguna ariketa poliedriko bat izan da, helburu desberdinak izan ditugulako. Hemen gure buruari galdera hau egin genion: «Gai al gara, amerikarrek egiten duten bezala, horrelako abesti bat hartu eta sinesgarri agertzeko?».

Erantzuna nik emango dizut: bai. Hori diot disko honen esentzietako bat aipatu duzuna dela uste dudalako. Bagenekien Audience taldeak folk amerikarra edota americana musikak ongi egiten zituela, baina Dylanen kantuak entzun eta zuenak entzunda, aipatu duzun saiakera hori guztia ikusten da. Gainera, garai desberdinetako kantuak aukeratu dituzue.

Hasiera batean, abestiak ausaz aukeratu genituen erabat. Lokalera liburua iritsi zen eta lehenengo bospasei abestiekin esan duzun hori egin genuen pixka bat. 1962 eta 1963 tarteko kantuak dira batzuk; Dylanen bertsio originalean ahotsa eta gitarra soilik daude horietan. Gero 70eko urteetako kantuak ere badaude, baita 80ko urteetakoak ere. Eta, lehen aipatu dugun kantua, bere azkenetako diskokoa da, 2005ekoa edo. Guretzat dibertigarria izan da horiek jo eta moldatzea, baina etapa bakoitzeko soinuaren ekoizpena zeharo desberdina da, eta disko honen balioa nik uste badagoela oso soinu desberdina duen errepertorio bati homogeneotasuna ematean.

Esan duzu soinuaren homogeneotasuna bilatu duzuela, eta «Euri jasa latza dator» horren adibide garbi samarra da. 60-70etako rock estatubatuarreko soinua duen abestia da, berez ahots eta gitarrarekin abestutako kantua bada ere.

Dylan jarraitzen duenak, eta gutako batzuek asko jarraitzen dugu, ikusiko du hau dela Dylanen egokitzapen baten egokitzapena. Izan ere, bertsio originalean esan duzun moduan grabatu bazuen ere, 70etan ‘‘The Rollin Thunder Review’’ bira ezaguna egin zuen eta abesti hau hor talde osoarekin eta rock kutsua emanez eskaintzen zuen. Hortaz, guk bertsio hori atera dugu eta egokitzapen hori gurera ekarri dugu.

Letrari erreparatuz, musikari estatubatuarrak letra oso ilunak modu oso argian kantatzeko joera duela esan dezakegu?

Baietz esango nuke. Zuzenekoetan esaten dut abesti hauek duela hirurogei urte idatzitakoak direla eta atzo bertan eginak dirudite. Abesti honen testuingurua Gerra Hotzarena da, misil nuklearrekiko beldurra zuten garaikoa. Abesten dutenean asko sentitzen dut, Palestinan edota gaur egun dauden eszenario belikoetan pentsatzen dut. Hainbeste urte pasa eta garaiak ez dira hainbeste aldatzen!

Bob Dylan bera protesta kantuaren ikurretako bat izan zen garai haietan.

60ko hamarkadan gisa horretako abestien lider moduan jarri zuten, baina gero, Joan Baezek esaten duen bezala, ez espero Dylan manifestazio batean ikustea. Berak uko egin zion ezarri zitzaion lidergo horri.

Disko honek ematen die belaunaldi gazteagoei Bob Dylanen klasikoez harago beste kantu batzuetara gerturatzeko aukera.

Bai, hor sortzen da halako zalantza. Akaso Dylanen unibertsoa euskaraz nahi du gazte batek edota euskaraz sartzen da lehenengo aldiz Dylanen unibertsora eta gero gehiago sakontzeko gogoa sortuko zaio. Baina ez dakit nik gaur egungo gazteentzat Dylan izan daitekeen beren interesekoa edota beren grina aseko duena.

Disko hau Bob Dylanen eskuetara iritsarazteko asmorik baduzue?

Dylani zuzenean helaraztekoa ez, baina telefono dei batzuk egin ditut Sony Musicera proiektu hau esku artean genuela esateko. Gardenak izan gara hor. Dylanek bi datak egin zituenean Donostian oraindik diskoa ez zegoen bukaerako formatuan. Ni bigarren ilaran egon nintzen kontzertu horietako batean, eduki izan banu bota egingo nuen oholtzara, fan morbo hori oraindik badudalako Bob Dylanekin. Urteen poderioz zure idoloekin hori galdu egiten duzu, baina niretzako XX. mendeko ikono handiena bera da, eta egingo nuen hori. Bere managerrari eman genion 2010ean ‘A shake in calm water’ diskoa, berak esan zigun helaraziko ziola; hortaz, aukeraren bat sortzen bada saiatuko gara hau ere helarazten, zergatik ez.

A ze urtea izan den zuen azkena, diskoa eta Zinemaldiko guztia ere egin duzuelako. Ordu asko emango zenituzten lokalean.

Azkenean, diskoa urtebete beranduago publikatu dugu; 2022ko azaroan grabatu genuen. Gero etorri zen zinemaldikoa. ‘Tolesdurak’ 2020an kaleratu genuen; bira horrekin ez ginen oso konforme geratu eta lokalean sartu ginen berriz. Dibertitzen hasteko bertsioak egiten hasi ginen; Mark Laneganen bat dut buruan, Smog taldearen bat ere bai… Gure erreferenteekin jolasean hasi ginen. Egun batez Ruben Garatea etorri zen Xabi Payak idatzitako itzulpen liburuarekin eta hor jolasean hasi ginen, diskoa osatzeraino.

Zuzeneko bat eman duzue dagoeneko, Bilboko Kafe Antzokian urte hasieran. Oso pozik egun hartan bizitakoarekin, ezta?

Gau magikoa izan zen guretzat. Proiektu berri bat martxan jartzen duzunean, lehen kontzertua garrantzitsua izaten da. Oroitzapen oso polita dugu eta indarra eman digu birarekin aurrera jarraitzeko.

Noiz izango dugu zuek entzuteko hurrengo aukera?

Datorren urtarrilaren 27an, larunbatarekin, Gernikako Lizeo antzokian egongo gara. Asko gustatzen zaigu bertan jotzea eta badirudi ekitaldi finko bihurtu dela Audiencek disko berria bertan aurkeztea. Gehiago ere izango dira; adibidez, martxoaren 22an Donostiako Lugaritzen izango gara eta laster gehiago ere konfirmatzeko moduan izango garela esango nuke. Gu gogotsu gaude; Bilboko feedbacka oso ona izan zen, gainera.