GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Hizkuntza hautatzeko tranpa


Berriki irakasleen oposizioak izan dira eta kalapita sortu da, hautagaietako batzuek azterketak euskaraz egin beharrean gaztelaniaz egin dituztelako. Euskaraz irakatsi behar duten horien azterketa gaztelaniaz egiteko aukera izatea logikaz kanpoko zerbait bezala antzeman dute askok. Ni talde horren barruan sartzen naiz.

Bestelako oposizioak egin ditugunok -neure kasuan Osakidetzako oposizio batera aurkeztu naiz- aukera izan dugu azterketa bi hizkuntza ofizialetako batean egin ahal izateko. Ez dizuet esango zenbat izan ginen azterketa euskaraz egin genuenak, %1era ez baikinen iritsiko.

Egoera honek zalantza batzuk sortzen dizkit. Hizkuntza hautatu ahal izatea zilegi da? Baldintza-berdintasunean jokatzen dugu batzuek eta besteek? Zilegi da euskaraz irakatsi behar duen irakasle batek azterketa gaztelaniaz egiteko aukera izatea?

Jar dezagun beste adibide bat; Gabon inguruan “Migrazioa” filma eman dute zineman. Film hau zinema batzuetan euskaraz zein erdaraz ikusteko aukera egon da, beste batzuetan erdaraz soilik, eta gehienetan saio kopurua eta emanaldi luzapena askoz handiagoa izan da erdaraz euskaraz baino. Zilegi da film hau hiru hizkuntzatan, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, eman izana? Badirudi baietz, ezta? Horretan omen datza erabakitzeko askatasuna, baina zineman ematen diren beste filmen %99 erdaraz ematen dira eta euskaldunok hautatzeko aukerarik gabe geratzen gara.

Hortaz, hizkuntza hautatzeko askatasuna omen dagoen herri honetan, erdaldunek beren jarduera guztiak gaztelaniaz edo frantsesez egiteko eskubidea eta erraztasuna dute, eta, aldiz, euskaldunok behin eta berriz urratua daukagu hizkuntza hautatzeko eskubidea; filmen kasuan, adibidez, %99 erdaraz besterik ez baitago.

Hizkuntza-hautua tranpa bat da; egoera guztiz diglosikoan bizi garen honetan, erdalduna izatea guztiz normaldua dago eta euskaldunok egundoko esfortzua egin behar dugu euskaraz edozer kontsumitu edo egiteko.

Hizkuntza-hautua errazteko asmoz, euskalgintzatik hainbat proposamen eta tresna plazaratu ditugu, eta garrantzitsua iruditzen zait hauek ezagutarazi eta zabaltzea. Hemen horietako batzuk: lana euskaraz bilatzeko www.lansarean.eus ataria daukazue, bertan oposizioak egiteko materiala eta galdetegi biltegia sortua dugu. Euskaraz kontsumitu nahi izanez gero, berriz, Bai Euskarari ziurtagiria duten entitateetan egin dezakezue, mapan begiratuz: https://baieuskarari.eus/eu/ziurtagiridunak. Pantailetan euskaraz zer dagoen jakiteko www.zernonikusi.eus webgunea bisita dezakezue. Eta hemen jarriko ez ditudan bestelako tresnak ere badaude.

Ez da erraza, baina gure esku dago ahal den guztietan euskaraz egitea!