Goiz gorriak
Nahiz eta guretzat ez den fenomeno berria, ikusten dugun bakoitzean txunditzen gaitu zerua edo, kasu honetan, hodeiak gorri, laranja edo arrosa koloreko ikusteak. Erdaraz «candilazo» edo «arrebol» deitzen den fenomeno hau egunsentian eta ilunabarrean gertatzen da, eguzkia zeruan bere punturik baxuenean dagoenean. Eguzki-izpiek atmosfera bertikalki gurutzatu beharrean horizontalki egin behar dute, eta atmosferan dauden partikulekin talka egitean, eguzkitik datorren argia banatu egiten da, kolore urdina galtzen delarik eta laranja, gorri edo arrosa nagusitu. Horratx hain egunsenti edo ilunabar ederrak izatearen arrazoia.
Egoera hau gehienbat hego-haizea tartean sartzen denean gertatzen da. Baina zergatik? Gurean hego-haizea dabilenean, normalean fronte sendoek ez dute erraza izaten guregana sartzea. Baina fronte sendo hauen aurreko hodeiek, bai, lortzen dute gure lurraldea zeharkatzea. Hodeiok erdi- eta goi-mailakoak izaten dira, goizetan eta arratsetan oso kolore ederrak uzten dituztenak.
Eta egia al da «goiz gorri, arrats euri» esaera zaharra? Ez beti. Goiz gorriak eta hodeiak izateak ez du beti ziurtatzen arratsaldean euria izango denik. Uste baino maizago gertatzen da goiz gorriaren ondoren arrats ateria izatea.