GARA
GASTEIZ

Alkoholaren, tabakoaren eta legez kanpoko drogen kontsumoak behera egin du EAEn

Lakuako Gobernuko Osasun Sailak EAEko Adikzioen Inkesta aurkeztu zuen atzo, eta alkoholaren, tabakoaren eta legez kanpoko drogen kontsumoak behera egin duela nabarmentzen da, estasiaren kontsumoak izan ezik. Zorizko jokoen erabilera ere murriztu egin da, aurreko txostenarekin (2017. urtekoa) alderatuta.

Gizonezko bat, kalamua erretzen.
Gizonezko bat, kalamua erretzen. (François NASCIMBENI | AFP)

“2023ko Euskadiko Adikzioen Inkesta”-ren datuen arabera, behera egin du tabakoa, kalamua edo alkohola kontsumitzen duten pertsonen kopuruak. Martxoa eta ekaina artean 14 urtetik gorako 2.500 pertsonari egin zitzaion 2023ko inkestako datuen arabera, azken 12 hilabetean biztanleriaren %76k alkohola kontsumitu du eta %23,8k, tabakoa. Era berean, biztanleen %7k kalamua kontsumitu du eta %2,5ek, legez kanpoko beste substantzia batzuk.

Kontsumo prebalentziak handiagoak dira gizonen artean, lasaigarriena izan ezik, horien kontsumoa ohikoagoa baita emakumeen artean. Substantzien kontsumoak behera egiten du adinarekin, lasaigarrienak salbu, kontrako joera baitute. Tabakoa eta alkohola dira gazteen hartzen hasten diren drogak (16 urte inguruan), eta beranduxeago (19 urte inguruan) kalamua; 20 eta 22 urte bitartean hasten dira gazteak legez kanpoko gainerako drogak hartzen.

Lakuako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik nabarmendu zuenez, inkestako datuek «aurrerapauso handia» eman dela erakusten dute. Hala ere, «oraindik bide luzea dago egiteko», esan zuen, eta, horregatik, Adikzioen VIII. Planeko (2023-2027) lehentasunezko 60 ekintza inguru garatzen ari da Osasun Saila.

Inkesten sailaren hasieratik hona ikus daiteke behera egin duela alkoholaren egungo kontsumoak. Bilakaera onena eguneroko kontsumoan ikusten da, beheranzko joera baitu adin-talde guztietan, 55-74 urtekoan izan ezik.

Tabakoari dagokionez, 2010ean hasitako tabako-erretzaileen ehunekoaren jaitsierari eusten zaio, eta 2023an lortu da sail historiko osoko eguneko kontsumoaren prebalentzia baxuena (%19,7), baita azken hilabeteko kontsumoan ere (%23,3).

Kalamuak ere beheranzko joera hori agertzen du. Kontsumitzaile ohikoenak 15 eta 34 urte bitarteko gazteak dira (%14,2 mutilen artean eta %4,3 nesken artean), baina kontsumo hori ere murriztu egin da 2017. urteko inkestaren datuekin alderatuta.

LEGEZ KANPOKO DROGAK

Hala, azterketak berretsi egiten du legez kanpoko beste droga batzuen kontsumo esperimentalak gora egin duela (bizitzan noizbait eginiko kontsumoa), baina egungo kontsumoak behera egin duela 90eko hamarkadako mailetaraino, estasiarenak izan ezik.

Osasun tratamendu baten barruko lasaigarrien kontsumoak goranzko joerari eusten dio, aldiz. Goranzko joera hori 2010etik aurrera hauteman da emakumezkoetan eta 2017tik aurrera gizonezkoetan; are handiagoa da adinean gora egin ahala, eta ohikoagoa da emakumezkoetan adin-tarte guztietan.

AUSAZKO JOKOAK, BEHERA

Ausazko jokoen erabilera murriztu egin da 2017koarekin alderatuta. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %50ek loterietan, kinieletan eta Primitivan jokatzen du; ondoren, distantzia handira, kirol-apustuak datoz. Joko presentziala da modalitaterik ohikoena, eta online jokoan gazteek aritzen dira nagusiki.

Joko patologikoaren proportzio handiena astero jokatzen dutenen artean dago, eta baliorik handienak gizonetan eta gazteenetan erregistratu dira. Erregulartasunez jokatzen duten gizonezkoen %3,5 inguruk joko patologikoaren zeinuak izan ditzake. Proportzio hori handiagoa da, %5,8koa, 35 urtetik beherako gazteen artean.