27 ENE. 2024 KOLABORAZIOA Maite Idirin gogoan Paulo IZTUETA Maite, Ugaoko alaba, hementxe gauzkazu zuri azken agurra ematera etorrita. Arratiako bailaran, Areatzan, zu ezagutzeko zortea izan nuen 1968an. Gaztea zinen, isila eta sotila, ama-hizkuntzan atzendu samarra, herri-arazoetan kezkatua. Halako batean, proposamen zehatz batekin etorri zinen, esanez Atahualpa Yupankiren kantuekin disko bat argitaratu nahi zenuela eta haren bi poema “Viento viento”/ “Aize, aize” eta “Camino del indio”/ “Indioaren bidea” euskaratuko al nizkizun eskatuz. Beste biak Gabriel Arestik euskaratuak zeuzkan, “Piedra y camino”/ “Arri ta bide” eta “Yo canto por los caminos”. Hain txundituta geratu zinen Yupankik Bilbon eman zuen kantaldiarekin, non haren mezua etxeratzen ahalegindu zinen arrakasta handiarekin. Kantaldiak ematen aritu zinen Zeberion, Zeanuriko Ipiñaburun, Euban.... Eibarren lehen saria jaso zenuen, Eztitxurekin batera. Maitek, 1969ko udan, Bizkaian kantagintza berriaren uhina zabaltzen hasia zen unean, hain zuzen, desterrurako bidea hartu behar izan zuen. Arrazoia? Erakundeko ekintzaile bat larriki zauritua izan zela eta harentzat sendagaiak lortzen ahalegindu zela. Bihotzez eskertzen diot Maiteri bere orduko laguntza hori. Mutil zauritu hori nire iloba zen. Maiteren bigarren diskoan datoz Euskal Herria pairatzen ari den zapalkuntzari buruzko kantuak. Maitek Parisko egonaldian, soziologiako ikasketak egiten ari zen aldi berean, han eta hemen kantaldiak eskaintzen segitu zuen eta diskoak argitaratzen, eta horietan euskal kausarekin harremandurik dauden testu hautatuak eman zituen argitara; horien artean, Jokinenak eta Eustakiorenak, Amurizarenak Zamorako espetxetik, Arestiren “Aitaren etxea”, Joxe Azurmendiren “Nekazaria”, Etxepare klasikoaren “Emazteen fabore”, “Mosen Bernat” eta beste. Maitek Ipar Euskal Herrian, eta handik Europara begira, kilometroak eta kilometroak egin zituen Jokin senarraren konpainian, ez gutxitan Ur haurra alboan zutela. Parisen, bertara heldu berritan, 1971n, Cinq Peuples en Lutte mugimenduaren izenpeko kantaldian parte hartu zuen Maitek, Etxamendi eta Larralderekin batera. Eslovenian ere egon zen 1973an. Ipar Euskal Herrian hainbat herritan ibili zen kantatzen beste hainbat talderekin batera. “Ortziken” ikuskarian ere parte hartu zuen. Kantua izan da Maiteren pasioa. Euskal kantua, musika klasikoa eta modernoa irrati bidez lotzen ahalegindu zen autorea da. Kantua mistika ere izan daitekeela sinesten zuen horietakoa zen. Maite, emaitza oparoa utzi diguzu. Jarrai ezazu kantatzen, zozoaren kantuari adi. Kantua izan da Maiteren pasioa. Euskal kantua, musika klasikoa eta modernoa irrati bidez lotzen ahalegindu zen autorea da. Kantua mistika ere izan daitekeela sinesten zuen horietakoa zen