ALAIA SIERRA
GASTEIZ

Basterretxearen mendeurrenean, hogei erakunderen ekitaldi multzoa

Nestor Basterretxeak aurten ehun urte beteko lituzkeela aitzakia, 2025era arte hainbat jarduera eta erakusketa antolatu dituzte 20 erakundek baino gehiagok, haren «ondarearen zabaltasuna eta sakontasuna gogorarazteko». Horrekin batera, artistaren bizitzari eta obrari buruzko informazioa bilduko duen webgunea jarriko dute martxan otsailaren amaieran.

Hogei erakunde baino gehiago elkartu dira Nestor Basterretxearen mendeurrenerako.
Hogei erakunde baino gehiago elkartu dira Nestor Basterretxearen mendeurrenerako. (Endika PORTILLO | FOKU)

Erakusketak, ikus-entzunezko programak eta kultura- eta argitalpen-jarduerak egingo dira, 20 erakunde baino gehiagoren elkarlanarekin, Nestor Basterretxea jaio zeneko mendeurrena ospatzeko. Otsailaren 28an abiatuko dira ekitaldiak, Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketarekin.

Sustatzailea Lakuako Gobernua da; koordinatzailea, Artium museoa eta kolaboratzaileak, honako hauek: Gasteizko Parlamentua, Arabako Foru Aldundia, Bilboko Arte Ederren Museoa, Punto de Vista Zinemaldia, Jorge Oteiza Fundazio eta Museoa, Irungo Udala, Etxepare Euskal Institutua, Bermeoko Udala, Montehermoso Kulturunea, Gasteizko Udala, Makina Erreminta Museoa, Elias Querejeta Zine Eskola, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia, Tabakalera, Durangoko Arte eta Historia Museoa, Gerediaga Elkartea, Museum Cemento Rezola, San Telmo museoa, Hondarribiko Udala eta Asparrengo Udala.

Bilboko Arte Ederren Museoko “Nestor Basterretxea. Diseinua eta Arkitektura” erakusketarekin, bere bizitzari eta obrari buruzko informazioa eta baliabideak bilduko dituen webgune bat jarriko dute abian. Bertatik, familiak Artium museoari dohaintzan emandako artxibo baliotsuan sartzeko aukera egongo da.

«ANIZTASUNA, KONPROMISOA ETA GERTUTASUNA»

Gorka Basterretxeak, artistaren semeak, lagundu du mendeurrena antolatzen. Atzo Gasteizko Artium museoan prentsaurrekoan azaldu zuenez, 2022ko amaieran jaso zuen sendiak Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren proposamena. Artiumek abiatutako lantaldearekin, prestatutako egitarauak «Basterretxea artista eta pertsona gisa definitzen dituzten hiru hitzak bildu ditu, aniztasuna, konpromisoa eta gertutasuna», esan zuen semeak.

Aurkezpenean, gainera, Basterretxea Irurzun seme-alabek aitaren bizitza laburbiltzen duen testu hunkigarria irakurri zuten. Erakundeen ordezkarien artean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Ramiro Gonzalez, Artium Fundazioaren patronatuko presidente gisa, eta Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko presidentea izan ziren.

2025ERA ARTE

2025era arte luzatuko den egitaraua Bilbon hasiko da eta Irungo Menchu Gal aretotik, Gasteizko Artium museotik eta Montehermoso Kulturunetik, Durangoko Arte eta Historia Museotik, Donostiako San Telmo museotik eta Tabakaleratik, Iruñeko Punto de Vista jaialditik, Elgoibarko Makina-Erremintaren Museotik, Bermeotik, Hondarribitik eta Asparrenetik igaroko da Basterretxearen ondarea.

Itsasoz bestaldera ere iritsiko da, Argentinako Amale Artetxe eta AEBetako Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao katedretara, Etxepare Institutuaren ekimenez.