XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

Isabel Azkaratek artearekin duen harremanaren lekuko da San Telmo museoa

Argazki-kameraren fokuaren bidez ikusten du mundua. Beti kamera aldean. Arteak bizi du Isabel Azkarate. Munduko museoetan bisitari anonimoei eginiko irudi bitxiak eta Euskal Herriko sortzaile handiekin izan zuen harreman estua erakusten duten argazkiak bildu ditu San Telmok hartu duen erakusketan.

Isabel Azkarate, San Telmo museoan ireki duen erakusketan.
Isabel Azkarate, San Telmo museoan ireki duen erakusketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostian ikusgai dauden bi erakusketatako protagonista da Isabel Azkarate. Kutxa Fundazioaren Artegunea aretoan otsailaren 25era arte zabalik dagoenari San Telmo museoak maiatzaren 5era arte “Arte eta parte” izenburupean hartuko duena gehitu zaio. «Bi erakusketokin, Donostiak omenaldia egiten dio argazkilari donostiarrari, eta publiko zabalari aukera ematen dio Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo oraindik gutxi ezagutzen den egile baten ibilbide profesional zabal eta askotarikoa ezagutzeko. Nolanahi ere, ezinbestekoa den Isabel Azkarateren argazki-ondareak XX. mendeko emakume argazkilarien historia osatzen du», adierazi dute.

Azkarate pozik dago bere lana hainbeste maite duen museo honetara iritsi delako. «Ikusleek gustukoa izatea espero dut. Sekulakoa da nire lana museo batean erakutsi ahal izatea», esan du. Silvia Omedes, Photographic Social Vision Fundazioko zuzendaria, arduratu da bi erakusketen komisariotzaz. Hiru argazki-sail bildu dira San Telmon. Lehenengo sailak euskal kulturgintzako hamabost artista esanguratsuren erretratuak biltzen ditu. Euren tailer eta estudioetan eginak dira irudiak. Jorge Oteiza, hark hain berezkoa zuen keinua eginez, bekainak goranka zituela, harrapatu zuen kameraz. Azkaratek euskal sortzaile handiekin zuen harreman estuaren erakusgarri. Jose Antonio Nielfa “La Otxoa”, kamerinoan. Rafa Berrio, bere kasa, zigarroa erretzen. Erretratatu asko ez daude hitzartutako posturan, ezustean harrapatuta baizik. Eurekin zuen konfiantzazko harremanaren seinale.

Margolariak, eskultoreak, idazleak, musikariak, zinemagileak... denak jarri ziren argazkilariaren fokupean. Eduardo Chillida (Juana de Aizpuru galeristarekin), Juan Luis Goenaga, Ana Busto, Javier Gurruchaga eta Pedro Ayestaran, Andres Nagel, Alejandro Garmendia, Bernardo Atxaga, Vicente Ameztoy, Daniel Calparsoro, Jose Migel Barandiaran... zerrenda luzea da. San Telmon Azkaratek egindako dozenaka argazkiren lagin bat besterik ez dago. Zuri-beltzeko betaurrekoak soinean egindakoak. Halaxe dira erakusketako argazki denak.

Euskal Herria utzi eta 30 urte bete berri zituenean AEBetara jo zuen Azkaratek. New Yorkera, zehazki. Munduan zehar asko bidaiatu zuen argazkilariak. Mugimendu kontrakulturalaren jaiotzaren lekuko izan zen. Bigarren saila mundu osoan, han-hemen, galeria eta museoetan hartutako hamazazpi argazkik osatzen dute. Bertan, ikusleak arte garaikideko obrak aurrez aurre dituztela ageri dira. Bisitariaren atentzioa pizten dute New Yorkeko adineko emakumeak, lagun giroan, museoetan bisitari ikus daitezkeeneko irudiak. Baita 1985ean Pariseko Isy Brachot galerian emakumeen gorputzaren irudikapen hiperrealisten aurrean ikusleek zuten erreakzioa ere. «Emakumearen gorputzari galderak luzatzen zaizkio», Omedesen iritzian. «Pertsonaia anonimo horien kontenplazioa argazkilariaren begirada ironiko eta ausartak harrapatu zuen, eta orain, irudi horiek erakutsiz, ispilu-jokoa osatzen du. Hala, erakusketa honen ikusleek zera ikusiko dute: behatzen ari den eta aldi berean behatua izaten ari den jendea, zirkulu voyeuristiko bertutetsu bat osatuz».

Hirugarren sailak, “Biltegira eramandakoak” izenekoak, 90ko hamarkadan New Yorken, American Museum of Natural History-n, egindako argazki saiakera bat ezagutarazten du. Sekula ez ditu erakutsi Azkaratek irudiok. Bertan, museoaren biltegian abandonatutako amerindiarren eta afro-amerikarren bustoen bilduma bat deskubritu zuen Azkaratek langile baten bidez. Erakusgai ez zirela erabaki eta katalogoz kanpo utziak denak. Izaki ahaztuak dira, estigma bikoitz baten gainetik bizirik irauten zutenak: batetik, arrazializatutako estatubatuarren komunitate bat ordezkatzea eta herrialdearen historia ofizialean bigarren mailako protagonistak izatea, eta, bestetik, irudikapen zaharkitu eta politikoki zuzena ez dena izatea, museoen diskurtsotik kentzera eraman zituena.

«Ahotsa, duintasuna, ematen die objektu bizigabeei», nabarmendu du komisarioak. Era berean, Azkaratek kameraz bestaldean dagoenarekiko erakusten duen enpatia aipatu du. Beste identitate batzuk erregistratzeko gogoa adierazten du modu horretan, bere nortasun propioa erregistratzen duen bitartean.