GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Hoditeria amaierako ezbaia!


Ene, ene! Zubietako planta beti albiste. Sor-marka gero! Lixibiatuak eta lohiak elkarren kontra jarri dituzte. Zer eroan duten auskalo, eta zenbat zer batek daki! Jainkoa ere jakin-min! Zergatik da hain gaitza kontratuen letra txikerra argigarria izatea? Medikuen errezeta argiagoa da! Har bezate Murgoitioren idazkera eredu, demonio! Euskarazko testuetan sikiera, berbak behar beste garbi eta zuzen idatzita. Batak baietz, besteak ezetz, eskuliburuko ezbaia! Hori bai, hoditeriaren amaierakoa. Hobe lukete hasieratik abiatzea, plantatik bertatik; hori dok/n planta!

Total, elkarren salaketen aroan, hango beheko epaitegiko togadun batzuek jo eta ke dihardute autogintzan, autoak errenkan kaleratzen, terrorismo hitzari zabalkuntza semantikoa emanez. Helbidea eta helburua beti bera, bat, handia eta eurentzat librea. Prefostia! Dena dela, gauzak zelakoak diren! Black Friday esan edo Ostiral Beltza esan, oso kontu ezberdinak dira, azken hau iparreranzko garraiolariek izan dute herenegun, hexagonoko laborariek garraio sistemaren zainak buxatuta. Nekazarien nekeak muga duen seinale, planetak berak duen moduan. Egunean bizpahiru bider jan ohi duen jendarte batek askoz serioago hartu beharko luke apustua, lurralde guzti-guztiek nekazariak izan eta lursail askok elikagaiak eman ditzaten. Osterantzean, zertarako nahi dugu lurraldetasuna, lurraldea eta lurraldetik bizitzeko ez bada?

Hortaz, landaguneak maparen zentroan jarri eta hiriak ortura eraman behingoz! Lixibiatu eta lohi gutxiago sortzeko, gainera. Eta balizko museotzar baten inguruan gogoeta aldia zabaltzen denean, zirt edo zart egiteko barik, akabo esateko izan bedi, lurralde-kulturaren izenean akabo esan ere, eskualdeak bertokoen eskubideen bidezko eskutik biziberritzeko.