Guggenheim Urdaibai: bi urte borrokarako
Urtarrilaren 22an, Iñigo Urkullu eta Elixabete Etxanobe elkarrekin agertu ziren komunikabideen aurrean, eta Urkulluk jakinarazi zuen eurek ordezkatzen dituzten erakundeek bi urteko epea hartuko dutela Guggenheim Urdaibai proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko. Haren esanetan, Guggenheim Fundazioaren New Yorkeko zuzendaritzan aldaketak egiten ari dira, eta, gainera, informazioa falta da proiektua bera eta haren kudeaketa behar bezala ezagutzeko (hara, Atutxa andrea: herritarroi ez ezik, badirudi lehendakariari ere ez zaizkiola iritsi zuek ustez lau haizeetara zabaldutako xehetasunak...).
Guggenheim Urdaibai Stop plataformara zorion mezu ugari iritsi ziren, eta, tira, ez dugu ukatuko guri ere irribarre txiki bat atera zitzaigula, ez ustezko erabaki horrek ezer aldatzen duela sinetsi genuelako, baizik eta badakigulako zerk bultzatu dituen agintariak hauteskunde kanpainaurre betean halako albiste tranpati bat plazaratzera: herri mugimenduok kalean, komunikabideetan, alderdi politikoen artean eta instituzioetan bultzatu dugun masa kritikoak eta auzitegietan egiten ari garen lanak. Proiektuak aldeko iritzi ugari jaso izan balitu, herritarrok itsu-itsuan sinetsi izan bagenitu haien ameskeriazko berba ederrak, 2023ko hauteskundeetan EAJk Busturialdean emaitza onak lortu izan balitu, Kostaldeari buruzko Legearen aldaketak errekurtsoa jaso izan ez balu, Muruetako HAPOaren aldaketari inork alegaziorik jarri ez balio... orduan beste oilar batek egingo luke kukurruku. Baina balitz eta baluka ibiltzeak ez du botorik ematen, eta, horregatik, proiektua mahai gainetik kentzea erabaki dute, hurrengo hauteskundeetan inork horri buruz hitz egin ez dezan.
Antza denez, baina, Urkulluk ez zituen gauzak zuzen esan. Komunikabideek zabaldu zuten proiektua bi urtez izoztuta, etenda, stand by geratuko dela eta aurrerago berriz aztertuko dutela haren bideragarritasuna, baina hori ez da EAJk buruan duena. Beraz, albistearen biharamunean, EAJko kideak lasterka atera ziren komunikabideen aurrera, bezperan Urkulluk esanak behar beste arteztera: bi urteko geldialdiak ez duela egitasmoa etengo edo hoztuko eta proiektuaren uneak errespetatzen ari direla.
Baina hori abendutik ere bagenekien, alegia, proiektuaren garapenerako bi urteko epea beharko zela eta denbora horretan deskontaminazio lanak, legeak proiektuaren alde jartzekoak eta bestelakoak egingo zirela. Eta, halere, azken asteetan etengabe zabaldu dituzte egitasmoari buruzko albisteak, herritarrok apurka haren errealitatera ohitzen joan gaitezen. Beraz, nola ulertu behar dugu orain, justu orain, alderdi guztiei hauteskunde usaina darienean, isiltzeko unea heldu dela? Zupiria jauna, sinetsi egin behar dugu estrategia aldaketa horrek ez duela zerikusirik hauteskundeekin?
(Bide batez: noiz etorriko da herritarren parte hartzea, dena zehaztuta dagoenean? Zertarako, makroaparkalekuko kristalaren kolorea aukeratzeko? Guk ez dugu eskatzen azken orduko parte hartze sinboliko bat, ezta erreferendum bat ere −nori dagokio onartzea biosfera erreserba baten erabilera pribatu ez-jasangarria?−. Eskatzen duguna da Busturialdeko herritarrek hasiera-hasieratik parte hartzea eskualdearentzat plan sozioekonomiko bideragarri eta jasangarri bat diseinatu eta garatzeko prozesuan).
Estrategiak estrategia, eta Atutxak azken hilabeteetan bestelako adierazpenak egin baditu ere, Urkulluk arrazoia du: proiektuari buruzko informazioa falta da. «Auzolana» izan da EAJko agintariek azken legegintzaldi honetarako hautatutako leloa −hurrengokoa zer izango da, «egizu zerorrek»?−, eta, beharbada, hori esan nahiko zuten, «egin itzazue zuek guk egin gabe uzten ditugun betekizunak». Informazioa nahi duzue? Tori apur gutxi batzuk, ea noraino iristen zareten horiei jarraika.
Eta guk, herritar esanekook, apurrei jarraitu diegu, eta urrun iritsi gara. Handik eta hemendik tiratuz, agintariek nahi baino informazio gehiago bildu dugu. Muruetako lurren jabetzari eta lagapenari buruzko kontuak argitu ditugu, halako proiektutzar bat Urdaibain eraikitzeak ingurumenean izango lituzkeen ondorioez jabetu gara, eta gizarteari eta ekonomiari ekarriko lekiokeena aztertu dugu. Hori da, hain justu ere, hitzaldietan herritarrei azaltzen dieguna. Eta, halere, egitasmoaren sustatzaileek gezurretan aritzea leporatu digute.
Agintariok: gu, zuek ez bezala, gure lanbideez aparteko orduetan ari gara honetan beharrean, eta guk, zuek ez bezala, herritarrek beren borondatez jarritako diruarekin ordaintzen diegu abokatuei. Benetan uste duzue gezurrak eraikitzen hasteko denbora eta indarra dugula? Benetan uste duzue gu zuei kontra egiteko borondate hutsez ari garela hemen gure poltsikotik dirua jartzen? Herritarrak seinalatzeari utzi, eta zentzuz, zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatzen hasi behar zenukete, eta ez, orain arte bezala, enpresa pribatuen mendekotasunez, herritarrekiko boterekeriaz eta udalei batere begirunerik erakutsi gabe. Bestela, konturatu orduko, batzuen ametsak besteon amesgaizto bihurtuko dira.
Herritarrok: bi urte dauzkagu borrokarako.