EDITORIALA

Mende laurdena ez da alferrik pasatu, emaitzak eman ditu

Pentsa zenbat aldatu garen, irakurleetako askok duela 25 urte euskaraz ez zekitela. Gurekin batera euskaldundu dira eta orain editorial hau irakurtzeko kapaz dira. Urrats sendoak egiteari ez diogu sekula utzi.

Pentsa nola aldatu diren kontuak, tarte honetan, egunkari soil bat izatetik transmedia hedabide bat izatera igaro garela. Egia esateko, jaiotzetik berrikuntzarako joera izan dugu. Jazarpenak gure asmamena areagotu du, zalantzarik gabe. Beti bilatu behar izan dugu B plan bat, alternatiba bat, zirrikitu bat aurrera egiteko. Argi baikeneukan erresistentzia ez zela nahikoa, bizirautearekin ezin genuela konformatu, herri honek garapena ere behar zuela.

Hortik abiatuta saiatu gara ekarpena egiten. Kazetaritzatik, profesionaltasunez, independente. Ez da erraza izan, baina urte oparoak izan dira.

Herriaren babesari esker lortu dugu aurrera egitea. Gure komunitateak arnasa eman digu urteotan. Eman diguten euro bakoitzari etekin ahalik handiena ateratzen ahalegindu gara. Enpresa bat gara eta gure komunitateari eta herriari zerbitzu emateko lan egin dugu. Langileen ekarpena nabarmendu nahi dugu hemen. “Egin”etik datorren kazetaritza tradizioaren ildoan, lantaldeak ekarpen handia egin du urteotan.

Jaio ginenean bezala, presorik gabeko herri batekin amets egiten dugu. Denon artean azken urteotan gauza handiak lortu ditugu, baina hori ez. Horretan ere, ez dugu etsiko.

Atzo gertatu zena kontatzeko ez ginen jaio, egunero -are eta orduero ere- lan hori egin behar dugun arren. Artefaktuarekin erakusten ari garenez, guk bultzatu nahi dugun memoria ez baita nostalgiarako bazka, baizik eta etorkizunerako iturria.

Euskal herritarrok euskal herritarrentzat egindako kazetaritza da gurea. Iraun dezala beste mende bat.