GARA
BARAKALDO

Neba-arrebentzat berritasunak dakartza aurrematrikulak EAEn

Otsailaren 7an irekiko da 2024-25 ikasturterako aurrematrikula prozesua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala iragarri zuten atzo Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Begoña Pedrosa sailburuordeak Barakaldoko Gurutzeta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean egindako ekitaldian.

Bertan azaldu zuten onarpen prozesu berri honek zenbait berritasun jasotzen dituela, neba-arrebak diren haurren kasuan. Izan ere, plaza eskuratuko dute neba-arreba bizikide bat matrikulatuta dagoen ikastetxean hasierako maila eskatzen dutenek, 2 urteko gelan edo 3 urteko gelan.

Gainera, ikastetxe bereko sarrera mailan bi neba-arrebak edo gehiagok egindako aldibereko eskaeretan aldaketak izango dira. Kasu horietan, baremoak 6,5 puntu ematen dizkio neba-arreba horietako bakoitzari. Berritasun honek neba-arreba bikien kasuei eragiten die batez ere.

ZAURGARRITASUN BANAKETA OREKATUA

Diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde egin beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua, ikasle zaurgarriak eskolatzeko.

Hezkuntza Sailak dioenez, «zaurgarritasunaren eta aniztasunaren banaketa orekatua bilatzen du neurri honek, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste mota batekoengatik segregatzea saihestearren».

Gainera, Zaurgarritasun Indizea ezarriko da 3 urteko geletan. Eskaerak aurkeztean familiek betetzen duten inkesta aintzat hartuta definituko da ikasleen zein portzentaje hartuko den zaurgarritzat.