GARA Euskal Herriko egunkaria

Gasteizko aurrekontuak onarturik, EH Bilduren abstentzioari esker

Gasteizko Udalbatzak atzo 485,9 milioi euroko aurrekontuak onartu zituen, EH Bilduk, PSEk eta EAJk joan den astean adostutako akordioari esker. Rocio Vitero bozeramaile subiranistak herritarrekin duten «konpromisoa eta erantzukizuna» nabarmendu zuen.

Vitero (EH Bildu) eta Artolazabal (EAJ). (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko aurrekontuak, 485,9 milioi eurokoak, aurrera atera ziren atzo PSEren eta EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. PPk eta Elkarrekin Gasteizek, aurreikusita zegoen bezala, aurka bozkatu zuten.

PSEk eta EAJk osatutako Gobernuak 12 zinegotzi ditu 27 ordezkariz osatutako Udalbatzan, eta, beraz, oposizioko talde baten babesa behar zuen kontuak onartzeko. Akordioa posible izan da EH Bildurekin, maiatzean izandako hauteskundeetan lehen indarra izandakoa, 7 zinegotzirekin.

Sei milioi euroko akordio sinatu zuten hiru taldeek. Gainera, beste sei milioi euroko kontu saila adostu zuten, datozen ekitaldietarako konpromiso kredituetan.

Etxebizitzarako, trantsizio energetikorako eta enplegurako dirua hitzartu da. Adibidez, auzoetako etxebizitza komunitarioetarako bi milioiko partida adostu dute; eta 850.000 euro erabiliko dituzte etxebizitzen udal parkea birgaitzeko. Beste 850.000 euro bideratuko dira enplegua sustatzeko eta hiria dinamizatzeko, eta 500.000 adineko pertsonei zuzendutako jantokietarako.

«ERANTZUKIZUNA»

Jon Armentia Ogasun zinegotziak EH Bilduren «laguntza» eskertu zuen, «Gasteizek inoizko aurrekonturik altuena izan dezan». «Ezberdintasunak gainditzeko eta gure bizilagun guztien onerako adosteko gai gara», adierazi zuen.

Iñaki Gurtubai EAJko bozeramaileak Gasteizko gizartearen «aniztasuna» azpimarratu zuen. «Lau aurrekontu akordio sinatu ditugu Elkarrekin Podemosekin, akordioak egin ditugu PPrekin patineteei eta kontseiluko mahaiburutzari buruzko araudi berriaren inguruan, eta orain akordio politikoa lortu dugu EH Bildurekin, aurrekontuak onartzeko», laburbildu zuen.

Bestalde, Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak Gasteizko herritarrekin duen «konpromisoa eta erantzukizuna» nabarmendu zuen. «Beste talde politiko batzuek egin bezala egin genezakeen, eta ezetz esan. Baina ez, erantzukizuna herritarrekin dugu: dituzten beharrei erantzutea eta aurrean ditugun erronkei aurre egitea», esan zuen.