GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Kopako bidesaria ordaindu du, Txapeldunen Ligako postuetatik eroriz

Valentzia eta Cadizen aurkako ligako partidetan talde zuri-gorriak ezin izan du golik egin. Ernesto Valverdek berak onartu zuen bezala, zaila egiten da buru aldetik derrigorrezkoa den tentsio horri bi txapelketa ezberdinetan eustea.

Athleticeko jokalariak, Kopako finalerdietarako sailkapena ospatzen, Bartzelonari irabazi ostean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Athleticek Txapeldunen Ligako postuetan kokaturik abiatu zuen urte berria. Talde zuri-gorriak bazekien urtarrila hilabete gogorra izango zela, Kopako kanporaketak Ligarekin uztartu behar zituelako. Azkenean, zazpi norgehiagoka jokatu ditu. Horietatik bost irabazi ditu: Sevilla (0-2), Eibar (0-3), Real (2-1), Alaves (2-0) eta Bartzelona; bat galdu: Valentzia (1-0); eta beste bat berdindu: Cadiz (0-0). Beraz, erronka gainditu duela esan daiteke.

Bilbotarrak Kopako finalerdiak jokatzeko sailkatu dira, eta ondo kokatuta daude denboraldiko helburu nagusia betetzeko: Europara itzultzea, hain zuzen ere. Zuri-gorriak bosgarrenak dira sailkapen nagusian, eta sei puntuko aldea daukate seigarren tokian dagoen Realarekiko. Betis, berriz, zortzi puntutara geratzen da zazpigarren postuan, eta hamarrera dago zortzigarrena den Valentzia taldea.

Ligan daukan abantaila hori ondo kudeatzen asmatzea eta Kopako finalera iristen saiatzea izango da otsailean zehar aurre egin beharreko erronka berria. Ez da batere erraza izango. Azken denboraldietan ezin izan baitu, eta dagoeneko ordaintzen hasi da bidesaria. Jokalariak nekea igartzen ari dira, batez ere erasoan. Valentzia eta Cadizen kontrako ligako partidetan oso aukera gutxi sortu zituzten eta ezin izan zuten golik egin.

Ondorioa, Txapeldunen Ligako postuetatik erortzea izan da. Atletico Madrilek eta Bartzelonak bi puntuko aldea ireki dute, eta gaur jokatu behar duten partida bat gutxiago daukate.

«OFIZIO» FALTA

Ernesto Valverdek azaldu zuenez, zaila da jokalariak buru aldetik prestatzea, hainbeste partidari jarraian aurre egiteko. Horrelako norgehiagokak irabazteko «ofizioa» eduki behar dela aipatu zuen. Ondo jokatu gabe, jokaldiren batean asmatu eta garaipena erdietsi. Agian, epaileak adierazi izan balu Falik Nico Williamsi azken jokaldian egindako penaltia eta gola egin, beste kontu batzuez hitz egingo litzateke.

Unai Simonek, ostera, nabarmendu zuen, datorren denboraldian Europan lehiatu nahi badute, astean zehar hiru partida jokatzera ohitu behar dutela.

Entrenatzaileak aldaketa ugari egin zituen hamaikakoan. Hala ere, taldea ez zen fin aritu. Nabarmentzekoa izan zen Muniain eta Raul Garcia jokatu gabe geratzea, kapitainak ez baitu minuturik izan azken hiru partidetan.

MALLORCA ETA ATLETICO

Ostiralean Mallorca dator San Mamesera. Athletic bezala, Kopako finalerdiak jokatzeko sailkatu da, eta ez zuen golik egin azken jardunaldian. Galdu egin zuten etxean Betisen kontra (0-1), eta jaitsiera postuak hurbil dituzte. Iaz hutsean berdindu zuten Javier Aguirreren mutilek, eta antzeko gidoi bat aurreikus daiteke.

Gero, Atleticoren kontrako finalerdiaren joaneko partida helduko da otsailaren 7an, asteazkena, Madrilen. Simeoneren taldeak aurrera atera zuen Ligako azken partida Valentziaren auka (2-0). Linok eta Depayk egin zituzten golak.

Morata aurrelariak eta Gimenez atzelariak min hartuta amaitu zuten, baina Atleticok jokalari berriak fitxatu ditu neguko merkatuan. Vermeeren gazte belgikarra, Moldovan atezaina eta, badirudi, Gabriel Paulista atzelaria helduko dela Valentziatik.

Moise Kean aurrelariak, aldiz, ez du azterketa medikua gainditu, eta atzera bota dute haren fitxaketa.



Filosofiari buruzko ekimena

Denok Erabaki mugimendua astelehenean aurkeztu zen hedabideen aurrean, Athleticen filosofiari buruzko eztabaida bat pizteko helburuarekin. Ehun bat konpromisarioren babesa izango lukete, baita 285 bazkiderena ere.

Azaldu zuten sinadurak bilduko dituztela, ezohiko Batzar batera deitzeko. Haien asmoa ez da Euskal Herrian jaiotako edo trebatutako jokalariekin lehiatzean datzan futbolarien kontratazio politika aldatzea, baizik eta filosofia horren «zehaztapena». Jarri zuten adibideetako bat euskaldunen seme-alabekin jokatzea izan zen, nahiz eta atzerrian jaio. Bazkideen %10en babesa behar dute, 4.000 sinadura baino gehiago, edo konpromisarioen herena. 300 konpromisario inguru izango lirateke, milatik gora baitaude.

Atxikimendu nahikoa lortuz gero, eztabaida eta zehaztapen prozesu bat hasiko lukete. Azken urratsa edo helburua 2025eko ekaina baino lehen erreferenduma egitea izango litzateke, Batzar Orokor bat antolatuz bazkide guztien parte hartzearekin. Manex ALTUNA