GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Ekain Lizeagaren debuta azkartu du Baikok atzelari eskasiak eraginda

Astigarragako atzelariak bi urterako sinatu du Bilboko enpresarekin eta bihar egingo du debuta Zornotzan, Morgaetxebarriaren ordezko gisa.

Lizeaga, iaz, Goñiren Omenezkoko partida batean. (KIROLZALE)

Azkenaldian atzelarien artean pilatu zaizkion lesioek eta arazo fisikoek eraginda, Baikok ostiral honetara aurreratu du Ekain Lizeaga atzelari astigartar gaztearen debuta; Aimar Morgaetxebarria ordezkatuko du B Serieko txapelketako partidan. 20 urteko atzelari gipuzkoarra Bilboko enpresako 11. atzelaria izango da eta kontuan izan behar da une honetan zornotzarraz gain Aranguren, Elizegi eta Mariezkurrena dituela min hartuta eta justu antzean dabilela, txapelketetan soilik zortzi atzelari behar dituelako asteburuero. Ziurra da Urrutikoetxeak Aranguren ordezkatuko duela, Mariezkurrenak gaur erabakiko du jokatuko duen eta bere ordez arituko litzatekeen Iosu Eskirozek ere partida garrantzitsua du B Serieko txapelketan finalerdietara sartzeko borroka horretan.

Gauzak horrela, Baikoko arduradunek Aimar Olaizolaren aginduetara entrenatzen urte batzuk badaramatzan atzelariarengana jo dute zuloak betetzeko. Goizuetarraren esanetan, Lizeaga «berme handiko atzelaria da, pilota gutxi galtzen du eta kantxa asko betetzen du». Hala ere, «bere dohainik handiena bere eskuina da, oso ondo sartzen dio eskua pilotari eta indar handia ematen dio».

2023a urte oparoa izan zen Astigarragako Mundarro klubean hezitako pilotariarentzat; Zumarragako Goñiren Omenezkoa, Elgoibarko San Anton, Tolosako Soroa, Mallabiko Biharko Izarrak eta GRAVNI txapelketak irabazi zituen.

Kontratu berria sinatu berri, Lizeagaoso «eskertua» agertu zen Baikok eman dion aukera honegatik eta ilusio handia du bihar Unai Alberdiren alboan debutatzeko.

ZALANTZA UGARI

Gainontzean, gaur hasiko dira astebururako dauden zalantza fisikoak argitzen. Jose Javier Zabaletak eta Jon Mariezkurrenak proba bana egingo dute eta orduan erabakiko dute bihar Zornotzan eta igandean Donostian jokatuko duten. Zuntz hausturarik gabe, etxarrendarra ia ziurra da eta beste biek ere nabarmen egin dute hobera. Mariezkurrenak gaur egingo du binakako entrenamendu serio bat eta Altunak ostiralean hartuko du erabakia.