GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Erleak


Atzo izan zen aitaren urtebetetzea. Aurten hamar urte izanen dira gurekin ez dagoela. Azken urteotan, minak eta ezinegonak bestelako sentipenei leku eman dietenean, kasualitate deitzen dugun horietako bat jazotzen da beti egun honetan eta aurten, ikusitakoak aitak herriko jardinean irakasten zizkidan kontuetara eraman nau. Erle bat sartu zitzaidan atzo sukaldean. Galduta sumatu nuen, ez dagokion lekuan eta ez dagokion garaian azaldu den intsektu baten moduan. Aitak sarri hitz egiten zidan erleen inguruan. Horien garrantziaz aritzen zen, udaberria esnatu orduko agertzen zirenetik ingurumenari egiten zieten mesedea azpimarratuz. Nik ez nion kasu handirik egiten, erleak baino marigorringoak nituelako maiteago.

Orain, eguraldia hankaz gora dagoenean eta erleei urtarrilean bisitatu behar gaituztela sinetsarazi diegunean, lehengo udaberriak bezala botatzen ditut faltan aitaren irakaspenak. Damu naiz, eta zin egin nahiko nioke gaur arretaz entzungo nituzkeela bere hitzak. Akaso, elkarrekin joanen ginen “20.000 erle espezie” ikustera eta horrela ulertuko luke zergatik nituen nik marigorringoak horren maite. Izan ere, han eta hemen saritzen ari diren film honen bidez bataila handi bat irabazten ari garen moduan, bakoitzak ditugun guda txikiak ere irabaz ditzakegu.