01 FEB. 2024 KOLABORAZIOA Zestoako gaztetxea eta Eliza Jose Ignazio ANSORENA Inoiz baino gazte gehiago elkartu ziren Zestoako elizan. Aldra mozorrotu batek igandeko otoitzaldiaren erdian sartu, garrasi batzuk egin, “Eliza diruzale, espekulatzaile!” aldarrikatzen zuen pankarta erakutsi eta diru-paper faltsuz bete zorua. Eliztarrak asaldatuta. Jesus tenpluaren atarian merkatarien aurka aritu zenekoa dakar gogora. Han ere izutuko ziren batzuk, Jesusek bazekielako xextran ibiltzen. Eliza katolikoak duen ondarearen kontua kudeatzea arazo handia da, ondarea ere handia denez, eta luzaro izango da korapilatsu eta zaila gobernatzen. Hari asko gurutzatzen ditu: inor bere ondasunez nahi duen eran baliatzea jendartean oso onartua, onartuegia, dago; Elizak berak horri ere muga moralak jarri izan dizkio, aberastasun erraldoien atzean beti injustizia dagoela jakitun. Maiz Elizaren beraren aberastasunek ez dute jatorri garbirik. Indigenak edo bestelako langileak zapaltzen neurrigabe dirututako indianoak, barkamen eske, elizako kapera edo organoa ordaindu izan du, adibide bakarra jartzearren. Baina Elizak ere beharrak ditu: zerbitzu asko mantentzen ditu beharrean daudenei laguntza emateko. Ondareak berak gastuak ditu. Erlijioso ugari daude oso zahartuta, bizitza osoa eman dute Elizaren zerbitzuan, ia ezer irabazi gabe eta orain artatu egin behar dira... Gazte gehienek, aldiz, ez dute ulertzen zer den Eliza izeneko tramankulua. Beti topatzen dute argi ikusten duten bidearen erdian, oztopo edo harritzarraren gisan: abortua, dibortzioa, harreman sexualak, homosexual eta transen onarpenaren aurka... Ez dio, baina, muzinik egiten boteretsuen ondoan agertzeari. Eta beltzez jantzitako gotzain kuadrilla, pederastia kasuen gobernua horren era txarrean egin duena, txingurri makurren moduan azaltzen zaie. Elizak ez daki gazteekin zer egin. Tarteka Hakuna edo tankera horretako mugimendu erlijioso-poperoa agertzen da eta pozik jartzen dira Elizako profesionalak. Baina laster konturatzen dira nire lagun baten esana guztiz arrazoizkoa dela: ez da arrisku handiagorik gitarra duen apaiza baino. Gazteek ere ez dakite Elizarekin zer egin. Gaizki hezi ditugu. Hazi ongi, gehienak altu eta sendoak dira, baina hezi oker, saltzaileen eskuetan utzirik. Horiek aspaldi konturatu ziren: gizartea inozotuz gero, zaharrak gazte izan nahierara bultzatuz eta gazteei, ahalegin handirik gabe, dena ulertzen dutela eta mugarik ez dutela sinetsaraziz, merkatua badabilela. Eta merkatuaren Jainkoa jarri zuten beste jainkotxo guztien gainetik. Ondorioa: gazteek gaztetxea nahi dute, bada erakundeek jarri behar dietela uste dute. Zaharrek, aldiz, eta egungo Eliza zaharrena da, beldurra diote gaztetxeari. Ez da harritzekoa: etengabe musika edo zarata sortzen dute, baita gaueko ordu txikietan ere. Eta bestelakoez... hobe ez hitz egitea. Kontuak ez du konponbide errazik. Jabeak eskubidea du epaiketara joateko, baldin eta bere eraikina hartu badiote. Baina Eliza ez da edozein jabe. Nola jokatu asmatzeko, fundatzaileari begiratu behar dio. Eta hark, gurutzean akabatzen ari zirelarik, honela esan zuen: «Barka itzazu, Goi-goiko horrek, zer ari diren ez dakite eta». Gipuzkoako elizbarrutiak Jesusen bidea jarraitu behar du. Modu asko ditu. Esaterako, auzian inor zigortzen badute, eskaintzea, ordaindu beharrean, kolaborazioak egin ditzala Caritas edo espetxeetako pastoralean. Edo, modan dagoenez, amnistia modukoa eskaintzea. Sareetan -gazteen kontua dira- oso zabaldu da, ustez, Einsteinek jaurti zuen hura: «Errazago da sinestea pentsatzea baino. Hortxe da hainbeste sinestun izateko kakoa». Ez zait samurra gertatzen horrelakorik esan zuenik sinestea. Egin bazuen, ordea, erraturik zebilen, sinestea, alegia, fedea, itxaropena eta karitatea izatea, maiz oso zaila baita. Baina merezi du.