02 FEB. 2024 Ibon Arrizabalaga de Mingo da Bai Euskarari Elkarteko zuzendari berria Bai Euskarari proiektua utzi du orain arte zuzendari izan denak, Rober Gutierrezek, eta Ibon Arrizabalaga de Mingok hartu du ardura hori. Hezkidetzan, sexu hezkuntzan eta tratu onen kulturan ibilia da. Ibon Arrizabalaga de Mingo. (BAI EUSKARARI ELKARTEA) GARA DONOSTIA Bai Euskarari Elkartea zuzentzeko erronka «pozik eta arduraz» hartu du Ibon Arrizabalaga de Mingok (Orio, 1973). Arte Ederretan lizentziatu, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren ildoa jorratzea erabaki zuen, batez ere gizonak aktibatzeko eta gizon taldeak sortzeko asmoarekin. 20 urtez aritu da horretan, hasieran autonomo gisa eta gero Arremanitz kooperatiban. Eragitea da lanera eraman duten zioetako bat eta Bai Euskarari Elkartean horretarako aukera izango du. «Euskara hasieratik egon da nire interes eta pasioen artean. Elkartearen beste balio bat ausardia da eta iruditzen zait horixe ez zaidala falta izan nire ibilbidean. Elkarlanean eta gertu aritzea ere Arremanitzen gure egunerokoaren parte izan dira», adierazi du. Esparruz aldatu du, baina oso giro gertukoa sentitzen du: «Hau da nik nahi dudana. ‘Lan eta bizi euskaraz’ da elkartearen leloa eta nire leloa ere horixe da. Ez dut lan egin nahi euskaraz ez den modu batean eta, gainera, euskaraz bizi nahi badugu, ezinbestekoa izango da lan mundua euskalduntzea». ETXEA, TXUKUN Emozioz betetako egunak izan dira kargua hartu ondokoak. Orain arteko zuzendariak, Rober Gutierrezek, eta lantalde osoak harrera «ezin hobea» egin diote. «Batez ere, esker ona eta ardura sentitzen ditut. Sekulako lana egin da orain arte, eta topatzen dudan etxea txukun dago. Ez da sekulako eraldaketa egin behar. Jarraipena ematea behar du». «Gure asmoa baldin bada lan munduan euskararen erabilera areagotzea, kontuan hartu behar da abiapuntua ez dela batere aldekoa. Oldarraldia ere bete-betean ari da esparru guztietan eta euskalgintzatik, erakunde eta gizarte guztiarekin batera, batasuna egituratu beharko dugu», aipatu du oriotarrak erronka nagusien artean. GUTIERREZ, HARRORober Gutierrezek 25 urte egin ditu Bai Euskarari proiektuan. Kontseiluan lehenengo eta Bai Euskarari Elkarteko zuzendari elkartea sortu zenetik, 18 urtez. «Ibilbidearekin eta bidean eraikitako proiektu, lankidetza eta harremanekin harro nago», esan du.