GARA Euskal Herriko egunkaria

Nekazaritzan aro berria ireki nahi du Parisek «arauak lausotuz eta kontrolak areagotuz»

Iragan ostiralean presazko hainbat neurri iragarri ondoren, Gabriel Attal ministroak egitasmo osoa aurkeztu zuen atzo, nekazaritza politikari buruz «aro berria» iragarriz. Horren ondotik, Fdsea eta Laborari Gazteak sindikatuek blokeoak uztera deitu zuten.

EBko kideek eginiko ezohiko kontseilura helarazi zuten, atzo, nekazariek beren kexa. (James Arthur GEKIERE | AFP)

Gabriel Attal lehen ministroak ezohiko agerraldia egin zuen atzo eguerdian, Matignon jauregian, Parisen, frantziar nekazaritzaren «aro berria» iragartzeko. Ordu batzuk geroago, Bruselatik, Emmanuel Macronek «Europa mailako nekazaritza eredu berria» plantan emateko erronka irudikatu zuen.

Biek nabarmendu zuten «zailegiak diren arauak» lausotzeko beharra, eta «konpetentzia desleiala» saihesteko kontrolak zorroztu beharra.

Bruno Le Maire Ekonomia ministroa, Nekazaritza ministro Marc Fesneau eta Ekologia ministro Christophe Bechu izan zituen ondoan lehen ministroak Parisen eginiko aurkezpenean.

150 bat milioiko «laguntza fiskala» aurkezteaz gain, nekazaritza politikari dagokionez sakoneko aldaketa iragarri zuen Attalek, eta bere hitzek esperotako emaitza izan zuten; handik minutu gutxira Fdsea eta Laborantza Gazteak sindikatuek azken bi asteetan errepideetan ezarrirako blokeoak bertan behera uzteko deia zabaldu zuten.

Hala, mobilizazioa ez zela amaitua, baizik eta beste molde batzuekin jarraituko zuela ohartarazi zuten bi sindikatuetako bozeramaileek.

Adierazpenak itxaronaldi bat ireki zuen. Hala, Paris inguruan ezarritako blokeatze gune batetik hainbat nekazarik, zuhurki, «iragarpenak zehazteko, eta idatziz jartzeko» eskatu zuten.

Beste eskualdeetan, berriz, hala nola Bretainian, laborariak blokeatze guneak desmuntatzen hasi ziren, «sindikatuetako zuzendaritzen erabakiarekiko konfiantza agertuz».

Anartean, sindikatuen dinamitatik at jardun zuten beste hainbat laborarik, han eta hemen, hipermerkatuetan ekintzak egiten jarraitu zuten eta «aldaketak berehala» aplikatzeko galdetu zuten.

Emmanuel Macronek, hain zuzen, Europar Batasuneko ezohiko kontseiluan parte hartu ondoren, «lasaitasuna berreskuratu behar dela» defendatu zuen. Bide batez, hitzeman zuen «otsail amaieratik» sentituko direla nekazarien diru-sarrerak babestea xede duten neurrien ondorioak. Hala, Ukrainatik heltzen diren zerealen gaineko kontrolak areagotu egingo direla iragarri zuen Macronek.

Frantziar agintariak argitu zuenez, inportazio horiek EBko barne merkatua desitxuratzen dutela frogatuz gero soilik zabalduko litzateke mozkin horien sartzea oztopatzeko balizko aukera.

Bestalde, EB eta Mercosurren arteko akordioa erdiesteko negoziazioetan luzamendu bat ezartzeko Macronek Bruselara eramandako eskaera airean geratu da, antza denez.

«Denontzat arau berak izatea eskatzen dugu, besterik gabe; gure laborariek errespetatzen dituzten arauak besteek ere errespetatzea», errepikatu zuen behin eta berriro frantziar presidenteak, merkatu librearen arloan konpromiso eza beste iragarpen batekin estali aitzin. Hala elikadura produktuen balio-katea errespetarazteko «europar mailako Egalim lege bat» behar dela esan zuen Emmanuel Macronek.

Egitasmo horrek Bruselan zein sostengu maila duen ez zuen zehaztu agintariak. Ondorioz, ezin izan zuen zehaztu «banatzaile handien abusuak» amaitzeko premiazkotzat jo zuen baliabidea noiz sartuko den indarrean.

EKOLOGIA, BIGARREN LERROAN

«Europatik etortzen diren neurrien gaineko neurri gehiago jartzeko aroa» amaitutzat eman zuen Attalek, sindikatuek eskatu bezala, «arauen sinplifikazioa» iragarri aurretik. Lan edo ingurumen arloko protokoloetan eta desmartxa administratiboen arloan, «laborariek oztopo gutxiago izanen dituztela» hitzeman zuen.

«Konponbide bat ondoan eman ezean, debeku gehiagorik ez». Horrela laburbildu zuen Attalek etapa politiko berria markatuko duen filosofia. Lehen ministroaren hitz horiek kezka piztu zuten erakunde berehala ekologisten artean. Are gehiago, aintzat harturik lehen ministroak pestizidak erabiltzeko debekuari buruz luzamendu bat ezartzea aldarrikatu zuenean.

«Ekoiztu eta babestu», horra hor gobernuburuak ezagutarazi zituen bi xede nagusiak.

Nekazarien ofizioa aitortu eta horren balioa handiko dela ziurtatu zuen, bestalde, Attalek, nekazarien diru-sarrerak zein erretretak hobetuz.

Finean, nekazaritza saila guztiak hobeto babesteko neurri bereziak aitzineratu zituen. Hala, mozkinen etiketatzea hobetzeko urratsak plantan emanen direla azaldu zuen.

IRUZURREN AURKA

Attalen ondotik, Bruno Le Mairek hartu zuen hitza eta, ildo beretik, «frantses jatorria duten produktuei eginiko iruzurrari» aurka eginen diotela azaldu zuen. «10.000 kontrol» martxan emanen direla iragarri ondoren, banatzaile guztiek frantses arauak bete behar dituztela oroitarazi zuen.

Marko horri muzin egiteko «gure mugetatik kanpo, batzuetan Bruselan bertan» erosketa partekatuak egiteko hitzarmenak sinatzen dituzten enpresak handiak jomugan jarri zituen Le Mairek, banatzaile handi horien gaineko kontrol gehiago ezartzea eskatu ziola Bruselari.

Horrez gain, zenbait laguntza fiskal iragarri zituen, etxaldeak abiatzeko zein ustiategiak transmititzeko orduan zergapetzea arintzeko.

Finean, Christophe Bechu Ekologia ministroak hartu zuen hitza, nekazarien aldeko neurri horiek klima aldaketari aurre egiteko politikarekin bateragarriak direla sinetsarazteko. Izan ere, Attalek zein Macronek eginiko agerraldietan argi gelditu zen nekazarien protestek azaleraturiko krisi sozialak duela, gaur-gaurkoz, lehentasun osoa frantziar Gobernuarentzat.