GARA Euskal Herriko egunkaria

Arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, ikasleen ikuspuntutik

Artium museoan aurkeztu zuten atzo «Edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991» erakusketa. Garai horretan martxan jarritako ekimenak aztertzen dira, tartean Rekaldeberri Herri Unibertsitatea, Gasteizko Teknologia Berrien Zentroa (CINT), Donostiako Bideo Jaialdia eta Arte Ederren Fakultatearen sorrera, ikasleen ikuspuntua lehenetsiz.

Sergio Rubira, Leire Vergara eta Mikel Onandia, Gasteizko Artium Museoan. (Raul BOGAJO | FOKU)

“Edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991”. Izen hori du atzo Artium museoan aurkeztutako erakusketak, Mikel Onandia, Sergio Rubira eta Leire Vergarak komisariatutakoak.

Erakusketa 2022an museo berean aurkeztutako “Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1977” erakusketaren jarraipena da. Azken horrek 70eko hamarkadan, Bilboko Arte Ederren Goi Eskola sortu zen garaian, jarri zuen arreta; eta oraingoak, berriz, 80ko hamarkada lantzen du.

Kronologia 1978an hasten da; hau da, Bilboko Arte Ederren Goi Eskola fakultate bihurtu eta 1978an EHU izango zenera sartu zeneko unean; eta 1991n amaitzen da, Juan Luis Moraza artistak Artelekun, Donostian, zuzendutako “Cualquiera todos ninguno” -euskaraz “Edonor denok inor ez”- mintegia eskaini zuen unean. Mintegi horren izenburua erabili dute, hain zuzen.

Artiumen egindako agerraldian, komisarioek azaldu zutenez, erakusketa zenbait ataletan antolatuta dago, eta horietan arreta jartzen da, lehen aipatutakoaz gain. Besteak beste, proiektu hauetan: Rekaldeberri Herri Unibertsitatea, Gasteizko Teknologia Berrien Zentroa (CINT), EHUren Unibertsitate Hedapenerako Tailerrak eta Donostiako Bideo Jaialdia.

Erakusketak, beraz, Arte Ederren Fakultatearen sorkuntzan jartzen du arreta, eta ikasleen eskaerei ere erreparatzen die. Parte-hartze zuzenagoa izatea eskatzen zuten, eta komisarioek erabaki dute ikasleen ikuspuntua lehenestea; «formazio gune eta praktiketara artisten lanetatik hurbiltzea», esan zuen Onandiak.

Erakusketan ikus daitezkeen zenbait lanen egileen izenak aipatu zituen; horien artean, Juan Luis Moraza, Ines Medina, Jesus Mari Lazkano, Jose Chavete eta Dario Urzay, «euskal arte garaikidearen protagonistak direnak».

Eskulturak, margolanak, collageak eta ikus-entzunezko lanak daude ikusgai, Euskal Herriko historiaren lekuko. Izan ere, garai hartan aurrerapauso nabarmenak izan ziren. EHUren Hedapenerako Ikastaroak garatu ziren, eta horien artean zegoen Luis Maria Iturrik zuzendutako antzerki-lantegia, bere ikasleak Akelarre konpainiako laguntzaile bihurtu zituena.

HIRUGARREN ATALA

Amaitu baino lehen, Onandiak Artelekuren sorrera nabarmendu zuen. Erakunde horrek 1987an ireki zituen ateak, eta paper garrantzitsua izan zuen ez bakarrik ekoizpen-zentro gisa, baizik baita artistek eta teorialariek emandako ikastaro eta lantegien bidezko prestakuntza-gune gisa ere.

Donostiako zentro horretan garatu ziren jarduerak izango dira, hain justu, Euskal Herriko arte-arloko hezkuntza-praktikei buruzko erakusketa sail honen hirugarren atalaren ardatz.