GARA Euskal Herriko egunkaria
OSASUNA

«Chimyk Iruñetik alde egin behar zuen jada»

Braulio Vazquez, atzoko prentsaurrekoan. (CA OSASUNA)

Merkatua itxita, balorazioa egiteko prentsaurrekoa eman zuen atzo Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendariak. Chimy Avila Betisera eta Darko Brasanac Leganesera irten dira, eta Nacho Vidalek Mallorcan jokatuko du utzita. Laburbilduta, honakoa adierazi zuen: «Kirol galera bat ez izateko aztertu dugu merkatua. Koherentzia ekonomikoa eta kirolean oinarritutakoa izan behar dugu. Taldea hobetu al daiteke? Kirol zuzendari gisa, baietz diot, baina gure klubarekin eta zaleekin izan behar dugun kudeaketa ardura da garrantzitsuena».

Hala ere, Braulioren agerraldiko gai nagusia Chimy Avila izan zen. Zapore «gazi-gozoa» geratu zaio kirol zuzendariari. «Errendimendu itzela eman du, emozionalki eta sentsazioekin gorabeherak izan dituguna. Lotailu gurutzatua apurtu zuen, bere ondoan jarraitu genuen prozesua, itzuli eta berriro apurtu zuen. Jokalari oso garrantzitsu bat joan da, baina bere zikloa, Osasunan eta Iruñean, amaituta zegoen», gaineratu zuen.

«Argi dut Osasunan, ziur aski, ez genuela berriro Chimyrik onena ikusiko arrazoi ugarirengatik; batzuek ezagutzen dituzue, beste batzuek ez. Zikloak dira eta batek joatea pentsatzen duenean, dagoeneko joan da, eta uste dut Chimy ez zegoela hemen jada», azaldu zuen.

Negoziazioak «biziak» izan zirela aitortu zuen: «Ez zitzaidan batere gustatu Chimyren ordezkaria atera izana adierazpenak egitera. Penagarria iruditu zitzaidan eta berari esan nion pribatuan».

BRASANAC, NACHO VIDAL ETA ADAMA

Darko Brasanaci buruzko hitzek beste sentsazio bat utzi zuten: «Armarria ohoratu eta duindu egin du. Elkar besarkatu genuen eta negarrez amaitu genuen. Errespetu guztia merezi du, norbaitek ahal duen guztia ematen duenean ezin baitiozu ezer aurpegiratu».

Bestetik, Nacho Vidalek «gurekin konportamentu eredugarria» izan duela aitortu zuen, baina bere postuan dagoen «overbookinga» dela-eta, beste talde batean minutuak izateko aukera merezi zuela azpimarratu zuen Brauliok.

Athleticek fitxatu duen Adamari buruz, ez zuela joatea nahi aitortu zuen, eta hau gaineratu: «Azken orduan abisatu zuten eta klausula depositatzeko etorri ziren. Adamak prozesu naturala zeraman. Postuz aldatu genuen eta profesional bat bezala bizitzen lagundu diogu. Baina lehen taldera iristeko ematen diren pautak klubak ezartzen ditu, ez kanpoko inork».